Erakundearteko koordinazioa
Erakundearteko koordinazioa diogunean, lankidetza-eragile guztien arteko koordinazioaz ari gara. Zentzu horretan, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Erakundearteko Batzordea da euskal sektore publikoaren koordinaziorako eta elkarlanerako organoa. Bertan, adosten dira estrategiak bikoiztasunak eta gainjartzeak saihesteko eta euskal administrazio publikoen lankidetza-lanari koherentzia emango dioten garapenerako lankidetza-jarduerak egiteko.
Koordinazio horrek eskatzen ditu, batetik, erakunde bakoitzak egiten duena partekatzeko gune zehatzak, eta, bestetik, sortu litezkeen baterako ekimenak adostea.
AKUAL programa
AKUAL ur eta saneamendu arloko garapenerako lankidetzako programa bat da, eta El Salvador, Costa Rica eta Euskadiko lankidetza eta ur erakunde publikoek parte hartzen dute bertan. Programaren bidez, sustatu nahi dugu erakundeen eta askotariko eragileen arteko koordinazioa, erantzunkidetasuneko ikuspegi batetik garapenerako lankidetza egiteko beste modu batzuk aztertzeko. Euskadiren kasuan, hiru administrazio mailetako (autonomikoa, forala eta udal mailakoa) lankidetza eta ur eragileek parte hartzen dugu.
Euskal lankidetza publikoaren ataria
Webgune bat da, eta 2014az geroztik euskal erakunde publikoetatik bultzatutako lankidetza-jardunak biltzen ditu: Eusko Jaurlaritza, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak; Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Udalak, eta Euskal Fondoa-Euskal Lankideen Tokiko Erakundeen Elkartea.
Erakundearteko ekimena da, garapenerako lankidetzaren arloan gardentasuna, harmonizazioa eta koordinazioa sustatzeko helburua duena.
Euskal lankidetza publikoaren ataria
Saint Louiseko Komuna eta Euskal Erakundeen arteko lankidetza teknikoa
Udalerria indartuko da ezagutza teknikoak eta kudeaketa arlokoak trukatuz, gobernantza sistemetan eraldaketa positiboak lortzeko. Laguntza teknikoa, orientazioa eta prestakuntza barne hartuko ditu, biztanleriaren behar zehatzetara egokitutako proiektuen bidez.
Gauzak horrela, elkarlanerako lau lan-ildo aurreikusten dira: instituzionala, erregistro zibilaren sistema modernizatzea, informazio geografikoko sistema bat ezartzea, errolda-sistema komuna osora hedatzea eta tokiko fiskalitatearen garrantziari buruzko laguntza eskaintzea; formazioa, lanbide-heziketari laguntza emateko eta ikuspegi pedagogiko berriak garatzeko euskal unibertsitateen eta Gaston Berger Unibertsitatearen arteko trukeen bidez. Hirugarren lan-ildoa, emakumeen ahalduntzean eta haien parte-hartze ekonomiko, politiko eta sozialean hainbat eragile sendotzeko izango da, eta, azkenik, laugarren ildo bat egongo da, ezarpenean sor daitezkeen gaiei irekia.
Elkar ulertze memoranduma Saint-Louiseko Komuna eta euskal lankidetza erakundeen artekoa

