Joan edukira Saltar a contenido

Eginkizunak, ahalmenak eta antolakuntza

Eginkizunak

1. Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzako politikaren plangintza prestatzea eta politika hori koordinatzea, kudeatzea eta egikaritzea, garapenerako lankidetzaren arloan eskuduna den sailak ezartzen dituen jarraibideei jarraituz.

2. Garapenerako lankidetzako politika egikaritzea, Garapenerako ankidetzari buruzko Legean eta plangintzako tresnetan ezarritakoari jarraituz eta Eusko Jaurlaritzako sail eskudunaren jarraibideei lotuz.

3. Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan garapenerako lankidetzara bideraturiko baliabide ekonomiko eta materialak kudeatzea.

4. Jasotzen dituen funts publiko eta pribatuen veste zernahi transferentzia kudeatzea. Baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio publiko batek garapenerako lankidetzara bideraturiko diru-baliabideak erregularki transferitzea erabakitzen badu, ekarpen hori agentziak kudeatuko du, hitzarmen baten bidez zehazten diren baldintzen arabera.

5. Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroa kudeatzea.

6. Eusko Jaurlaritza aholkatzea garapenerako lankidetzako politikaren plangintzan. Horretarako, agentziak plangintzaren orientabide orokorrak eta lau urteko gidaplanaren eta urteko planen proposamena prestatuko ditu, garapenerako lankidetzan eskuduna den sailburuaren bidez Eusko Jaurlaritzari helarazteko. Plan horiek Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legeak ezarririkoaren arabera onartuko dira.

7. Lankidetzako politika publikoaren eta haren eraginaren urteko ebaluazioak egitea, bai eta politika horren ekintzen eta tresnena ere.

8. Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzak garapenerako lankidetzarekin erlazionatuta egiten dituen jardueren koherentzia bultzatzea, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legeak finkaturiko printzipio eta helbururen esparruan.

9. Garapenerako Lankidetzaren Erakunde arteko Batzordeari, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluari eta lankidetzako eragileei laguntzea eta babesa ematea.

10. Garapen-politikak beste administrazio batzuekin eta alde biko edo alde anitzeko beste agentzia batzuekin koordinatzen laguntzea tokiko eremuan, autonomia-erkidegoetan, Estatuan, Europar Batasunean eta Nazio Batuetan.

11. Betiere interlokuzioa izatea lankidetzako gizarteeragileekin.

12. Euskal Autonomia Erkidegotik larrialdietarako ematen den laguntza humanitarioa koordinatzea.

13. Garapenerako sentsibilizaziora eta heziketara bideratutako ekintzak bultzatzea eta egikaritzea.

14. Agentziaren helburuak lortzen lagunduko duten ekimen publiko eta pribatuak babestea eta bultzatzea.

15. Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuei eta veste euskal administrazio publiko batzuei laguntza eta lankidetza eskaintzea garapenerako lankidetzarekin lotutako ekimenak garatzeko.

16. Indarrean dauden xedapenek egozten dizkioten gainerakoak.

Ahalmenak

a) Garapenerako lankidetzako programa, proiektu eta gainerako ekimenak, pobreziaren aurka borrokatzera eta jarduera-sektoreen arabera giza garapen iraunkorra sustatzera bideratuta daudenak, identifikatzea, formulatzea, egikaritzea eta segimendua eta ebaluazioa egitea.

b) Garapenerako lankidetzako programa, proiektu eta gainerako ekimenak gauzatzeko laguntza eta dirulaguntza publikoen deialdiak kudeatzea. Agentziaren diru-laguntza arloko jarduera, bere izaera juridikoarekin bateragarri den gai guztietan, diru-laguntzak arautzen dituen araudian xedaturikoaren mende egongo da. Arau horiek Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean jasotzen dira.

c) Beste administrazio publiko batzuetatik laguntzak eta diru-laguntzak lortzea, bai eta zeinahi pertsona edo erakunde publikotatik ere, eta dohaintza pribatuak.

d) Beharrezko diren administrazio- eta xedapenegintzak eta eragiketa ekonomiko eta finantzarioak gauzatzea, bere xedeen barruan.

e) Bere eginkizunak betetzeak eskatzen dituen hitzarmen eta kontratuak egitea, kasu bakoitzean aplikagarri den araudiari atxikiz.

Azken aldaketako data: