Joan edukira Saltar a contenido

Roberto Samcam nikaraguako giza eskubideen defendatzailearen hilketa gaitzesten dugu

Argitalpen-data: 

NARE – Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programatik gogor salatzen dugu Roberto Samcam nikaraguar giza eskubideen defendatzailearen hilketa, joan den ekainaren 19an San Josen (Costa Rica) gertatua, bertan erbesteratuta zegoela. Era berean, gure elkartasuna eta besarkadarik beroena helarazi nahi diegu haren familia eta lagunei, bereziki haren emaztea den Claudia Vargasi, zeinekin bildu baikinen joan den urtarrilaren 31n, Costa Ricara egin genuen jarraipen bisita teknikoan.

Samcam jauna Ortega-Murillo erregimenaren aurkako aktibista ezaguna zen Nikaraguan, eta haren herritartasun nikaraguarra modu arbitrarioan kendu zioten. Horregatik, nazionalitate espainiarra zuen.

Gure kezka adierazi nahi dugu gertaera honen aurrean, erbestean dauden erakunde nikaraguarren arabera, Nikaraguako erregimenak sustatutako errepresio transnazionalaren estrategiaren parte izango litzatekeelako. Estrategia horren berri eman genuen, hain zuzen ere, aurtengo urtarrilean Costa Rican egin genuen jarraipen-bisita teknikoaren ostean argitaratutako txostenean[1].

Horrela, herrialdean eta erbestean dauden erakunde nikaraguarrek Costa Ricako Estatuari egiten dizkioten eskaerekin bat egiten dugu:

  • Gertaerak argitzeko ikerketa oso bat burutzea, egile materialak zein intelektualak identifikatu eta, Costa Ricako ordenamendu juridikoari zein nazioarteko zuzenbideari jarraikiz, dagokion zigor penalak ezartzea.
  • Ortega-Murillo erregimenaren zerbitzura dauden egitura kriminalen existentzia onartzea Costa Ricako lurraldean, komunitate nikaraguar erbesteratuarentzat mehatxu larri bat baitira, bai eta Costa Ricako Estatuaren subiranotasun eta barne-segurtasunarentzat ere.
  • Costa Ricako Estatuak duen betebeharra betetzea, babesa modu eraginkorrean bermatzeko errefuxiatu izaera aitortu dien pertsonentzat, 1951ko Errefuxiatuen Estatutuari buruzko Genevako Hitzarmenean eta indarrean dagoen nazio-legedian xedatutakoaren arabera.

Amaitzeko, Espainiako Gobernuari eskatzen diogu krimen honen ikerketa argitzeko beharrezko ekintzak eta lankidetza mekanismoak aktiba ditzala, Samcam jaunaren Espainiako herritartasuna kontuan hartuta.

[1] https://zehar.eus/wp-content/uploads/2025/06/JARRAIPEN-TXOSTENA-NICARAGUA-CR-NARE-2025.pdf