Joan edukira Saltar a contenido

Lehendakariak 2022ko Ignacio Ellacura Saria eman dio Vandana Shiva aktibista ekofeministari

Argitalpen-data: 

Vandana Shiva eta Lehendakaria
  • Epaimahaiak Indiako aktibistaren lana aitortu nahi izan du “larrialdi klimatikoaren arazo handiari buruzko ahots zuzena eta gertukoa izateagatik”
  • Lehendakariak Shiva doktoreari eskertu dio euskal lankidetzari ematen dion laguntzagatik eta emakumeek klima-aldaketaren duten zeregina aldarrikatzeagatik

Iñigo Urkullu Lehendakariak 2022ko garapenerako lankidetzako Ignacio Ellacuria Saria eman dio Vandana Shiva doktoreari. Mundu mailako erreferentea da nazioarteko mugimendu ekofeministan eta biodibertsitatea babesteko eta krisi klimatikoaren aurrean nekazaritza alternatiba iraunkorrak eraikitzeko borrokan. Calcuta Ondoan elkarteak proposatu zuen hautagaitza.

Urkullu lagundu dute Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Beatriz Artolazabalek, eta eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak, Paul Ortegak.

Epaimahaiak Indiako ekintzailearen lana aitortu nahi izan du “bizitza eman duelako besteena salbatzen, lurraren eta gizakiaren bizitza babestuko duen indarkeria gabeko nekazaritzaren bidez”, eta, gaineratu du, “larrialdi klimatikoaren arazo handiari buruzko ahots zuzena eta gertukoa izateagatik, eta, batez ere, ingurumenarekin oreka bat lortzeko alternatiba eskuragarriak, zientifikoki kontrastatuak eta eraginkorrak eskaintzeagatik, emakumeen balioa protagonista gisa jarriz”.

Bere hitzaldian, Lehendakariak aitortu du, “aurtengo Ignacio Ellacuría Saria Himalaia eta Euskadiren arteko topalekua da, balio unibertsalak eta pertsonalak, tokikoa eta globala ikuspegia duena”, larrialdi klimatikoaren erronka komunari eta 2030 Agendari erreferentzia eginez. “Erronka global eta planetario horren aurrean, Euskadik konponbideak bilatzeko hurbilen dagoenaren papera aldarrikatzen du; izan ere, lurraldetik eta komunitatetik gertuen dauden gobernuok erantzukizun berezia dugu, eta irtenbideak aztertzeko eta praktikan jartzeko aukera dugu, geure gaitasunak erabiliz”.

Vandana Shivak pentsamenduarekin bat etorriz, Urkulluk gogorarazi du “munduan emakumeak dira, bereziki pobreenak eta lurrari lotuen daudenak, klima-aldaketaren ondorioak pairatzen ari diren lehenak. Emakumeak dira bide berri bat irekitzen ari direnak”. Amaitzeko, eskerrak eman dizkio Shiva doktoreari euskal lankidetzari ematen dion laguntzagatik, baita ere klima-aldaketaren aurkako borrokagatik eta emakumeek borroka horretan duten zeregina aldarrikatzeagatik ere.

Larrialdi klimatikoaren aldeko borroka tokian-tokitik

Vandana Shiva Navdanya (bederatzi hazi) Ikerketa Zientifiko, Teknologiko eta Ekologikorako Fundazioaren ordezkari moduan aritu da, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak babestua Calcuta Ondoan bidez. Fundazioak biodibertsitatearen eta hazien kontserbazioa eta nekazarien eskubideak sustatzen ditu, bereziki, emakumeenak. Hitzaldian saria eskertu du, eta tokiko ekonomiak aldarrikatu ditu egungo krisiei aurre egiteko alternatiba gisa.  

Nazioartean, Shivak ekofeminismotik nekazarien eta naturaren eskubideen aldeko mundu osoko ekimenetan parte hartu du. 1998an, Diverse Women for Diversity mugimendua sortu zuen, 10 milioi emakume baino gehiagorekin batera horien segurtasuna eta elikadura burujabetza ziurtatzeko. Horregatik guztiagatik, Vandana Shivak Right Livehood Award saria jaso du, Nobel Saria alternatiboa izateagatik ezaguna, eta liburu ugari idatzi ditu horien artean  Staying Alive, Hegoaldeko herrialdeetako emakumeen pertzepzioak aldatzen lagundu zuena.

 

Ignacio Ellacuria Saria

Ignacio Ellacuría sariak El Salvadorren 1989an militarrek eraildako euskal filosofo eta teologoaren izena eramaten du, eta bere xedea da publikoki aitortzea  herrien artean berdintasuna eta justizia sustatzen, pobrezia gainditzen eta ekarpen hori hedatzen laguntzen duten pertsonak, antolakundeak, taldeak edota ekimenak. Era berean, sariak ekimen hori ezagutaraztea eta gizartea sentsibilizatzea ere du helburu. Eusko Jaurlaritzak ematen du eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bidez.