Joan edukira Saltar a contenido

Tokiko eragileen lidergoa indartzeko tresna berria aurkeztu dute nazioarteko lankidetzaren eta ekintza humanitarioaren esparruan

Argitalpen-data: 

Tokiko eragileen lidergoa indartzeko tresna berria aurkeztu dute nazioarteko lankidetzaren eta ekintza humanitarioaren esparruan
  • Gasteizen egindako jardunaldiak aukera eman du esperientziak eta tresnak partekatzeko, tokiko lidergoan oinarritutako lankidetza bidezkoago baterantz urratsak egiteko.

Nazioarteko lankidetzaren arloko erakunde, finantzatzaile eta gizarte eragile ugari elkartu ziren joan den urriaren 21ean Gasteizen egindako Lokalizazio Eraldatzailearen Jardunaldian, tokiko erakundeen protagonismoa indartzeko erronkak, ikaskuntzak eta tresnak partekatzeko. Topaketa Bakerako Lankidetza Batzarrak antolatu zuen, eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren babesarekin. Jardunaldia Fernando Almansa aholkulari humanitario independenteak dinamizatu zuen, eta hausnarketa partekaturako nahiz etorkizuneko lankidetza-ildoak identifikatzeko gune bihurtu zen.

Jardunaldiaren ardatza TARTALO tresnaren aurkezpena izan zen. Neurketa eta autoebaluaziorako metodologia horren bidez, erakundeek beren praktikak aztertu ditzakete Lokalizazio Eraldatzailearen ikuspegitik, eta aldaketa instituzional eta kolektiborako bideak identifikatu. Parte-hartzaileek tresnaren oinarri kontzeptualak ezagutzeko aukera izan zuten, baita haren aplikazio praktikoa esperimentatzekoa ere.

Goizeko saioetan, nazioarteko lankidetzan lokalizazioaren inguruan azken urteetan garatutako hausnarketak partekatu ziren. Halaber, eLankidetzak tokiko eragileen lidergoa sustatzeko egin duen ibilbidea aurkeztu zen, eta Nigerreko eta Palestinako erakundeen esperientzien bidez, TARTALO tresna pilotatzeko prozesuan lortutako ikaskuntzak ezagutarazi ziren.

Arratsaldean, berriz, jardunaldiak izaera praktikoa hartu zuen. Palestinako, Nigerreko, Euskadiko eta nazioarteko gizarte erakundeetako ordezkariek, lankidetza deszentralizatuko erakunde finantzatzaileekin eta AECIDeko ordezkariekin batera, talde-lanean jardun zuten TARTALOren dimentsio desberdinak aplikatuz. Lan-saio horietan, tokiko eragileen autonomia, erabakiak hartzeko gaitasuna eta baliabideen gaineko kontrola indartzeko proposamenak landu zituzten.

Jardunaldi osoan zehar azpimarratu zen nazioarteko lankidetzaren etorkizunak ezinbestean eskatzen duela tokiko erakundeen lidergoa aitortzea eta sustatzea, bai garapenaren arloan, bai ekintza humanitariokoan. Parte-hartzaileek nabarmendu zuten, gainera, tresna praktikoak eta autoebaluazio mekanismoak funtsezkoak direla erakundeen jardunbideak eraldatzeko eta lankidetza bidezkoagoa eta orekatuagoa eraikitzeko.

Tokiko lidergoa, lankidetzaren erdigunean

Lokalizazio Eraldatzailea nazioarteko lankidetzaren eta ekintza humanitarioaren barruan gero eta indarra hartzen ari den ikuspegia da. Eredu horrek tokiko erakundeak ez ditu soilik proiektuen onuradun edo bazkide gisa ulertzen; aitzitik, erabakiak hartzeko, lehentasunak zehazteko eta baliabideak kudeatzeko protagonismo osoa aitortzen die.

Gasteizen egindako jardunaldiak norabide horretan sakontzeko eta praktikara eramateko tresnak eta esperientziak partekatzeko balio izan zuen.