- Lankidetza deszentralizatuaren orainaz eta etorkizunaz hausnartzeko gunea izan da Euskadiko GGKEen Koordinakundeak eta eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak antolatutako topaketa. Erakunde publikoetako, GGKEetako eta nazioarteko adituak bildu dira egungo testuinguru globalak lankidetzari planteatzen dizkion erronkei eta aukerei buruz eztabaidatzeko.
- Erakunde publikoetako eta gizarte zibileko ordezkariek giza eskubideak, ekintza humanitarioa, nazioarteko lankidetza eta lurraldeetatik bultzatutako lankidetza ereduak aztertu dituzte.
eLankidetza - Lankidetza eta Elkartasunerako Euskal Agentziak eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeak Lankidetza Deszentralizatuaren Topaketa egin dute Donostiako Miramar Jauregian. ‘Elkarrekin eraginez, mundua eraldatuz’ lelopean egin da, lankidetza deszentralizatuaren balioa azpimarratu eta administrazio publikoen, gizarte antolatuaren eta nazioarteko eragileen arteko elkarlana indartzeko helburuarekin. Bertan izan dira, besteak beste, Javier Cortés eLankidetzako zuzendaria eta Nerea Uriarte Euskadiko GGKEen Koordinakundeko lehendakaria.
«Gaur egungo nazioarteko testuinguruak agerian uzten du lankidetza deszentralizatua indartzen jarraitzeko beharra. Lurraldeetatik sustatutako lankidetzak ekarpen estrategikoa egiten dio elkartasun globalari, herritarren eta gizarte zibilaren inplikaziotik eta erakundeen arteko elkarlanetik abiatuta», adierazi du Javier Cortések. «Funtsezkoa da eredu horren balioa aitortzea eta giza eskubideen, ekintza humanitarioaren eta garapen jasangarriaren aldeko konpromisoa indartzea», gaineratu du.
Jardunaldiak aukera eman du egungo testuinguru globalari buruzko gogoeta partekatua egiteko, bai eta etorkizuneko erronkei erantzuteko proposamenak eta esperientziak elkarbanatzeko ere, ekintza humanitarioaren nahiz garapen humano jasangarriaren aldeko konpromisoa berrituz.
Topaketan zehar, lankidetza deszentralizatuaren egungo egoera eta etorkizuneko aukerak izan dituzte hizpide. Besteak beste, landu dira lankidetza deszentralizatuaren zeregina nazioarteko testuinguru berrian; sektoreak aurrean dituen erronka politiko, sozial eta ekonomiko nagusiak; espazio zibikoaren egoera eta ekintza humanitarioaren erronkak; nazioarteko agenda eta arkitektura multilaterala; eta lurralde eta erakunde ezberdinek bultzatutako esperientzia eta praktika eraldatzaileak.
Tokiko eta nazioarteko adituak, erakunde publikoetako ordezkariak eta garapenerako lankidetzan diharduten eragileak bildu dira jardunaldi osoan zehar. Azken urteetako nazioarteko testuinguruak garapenerako lankidetzan izan duen eragina aztertu dute.
Mundu mailako gatazkek, krisi humanitarioek, giza eskubideen inguruko atzerapausoek eta nazioarteko lankidetzaren arkitekturaren ahultzeak lankidetza-politiken zeregina eta etorkizuna aztertzeko beharra agerian utzi dutela nabarmendu du Uriartek. Aldi berean, lankidetza deszentralizatuak gero eta presio handiagoak jasan dituela Estatuko hainbat lurraldetan, finantzaketa-murrizketekin eta GGKEen ekarpenaren inguruko zalantzekin.
Testuinguru horretan, topaketen bidez lankidetza deszentralizatuaren balio estrategikoa azpimarratu nahi izan da, lurraldeetatik bultzatutako ereduaren ekarpena berrikusi eta erakundeen eta gizarte zibilaren arteko elkarlana indartzeko.
José Antonio Alonso Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Ekonomia Aplikatuko katedradunak, adibidez, nazioarteko lankidetzaren egiturazko krisiaz eta haren eredua berritzeko beharraz ohartarazi du. Azaldu duenez, egungo nazioarteko ordenaren aldaketek eta alde bakarreko interesen indartzeak agerian utzi dute orain arteko lankidetza-ereduaren mugak, eta beharrezkoa dela lankidetza ulertzeko eta gauzatzeko modu berriak garatzea.
Alonsoren arabera, lurraldeak funtsezko eginkizuna du garapen-prozesuetan, tokiko arazoak identifikatzeko, komunitateen gaitasunak aitortzeko eta eragile desberdinen arteko aliantzak eraikitzeko aukera ematen baitu. Ildo horretan, lankidetza deszentralizatuak balio erantsia du, herritarrengandik eta gizarte-eragileengandik gertuago dagoelako, tokiko errealitateekin lotura estuagoa duelako eta eraldaketa-prozesu parte-hartzaileak sustatzeko gaitasuna duelako.
Katedradunak, halaber, lankidetza-eredu inklusiboago eta koordinatuago baten alde egin du, tokiko eragileen protagonismoa, elkarrekiko ikaskuntza eta erabakitzeko gaitasuna indartuko dituena. Horretarako, lankidetza deszentralizatuak bere berezitasunak baliatu, eragileen arteko aliantzak sendotu eta bere jardunaren eraginkortasuna eta inpaktua handitzeko baliabide egokiak izan behar dituela nabarmendu du.
Lankidetzaren ekarpen anitza aztergai
Egitarauak lankidetzaren hainbat alderdi jorratuko ditu. Goizean, lankidetza deszentralizatuaren egungo egoera eta erronkak aztertuko dituzte José Antonio Alonso Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Ekonomia Aplikatuko katedradunak eta Mary Tere Guzmán Euskadiko GGKEen Koordinakundeko ordezkari eta Alboaneko zuzendari exekutiboak, besteak beste. Ondoren, lankidetza-ereduaren sendotasunak eta erronka berriak izan dituzte hizpide Pedro Carceller Valentziako Generalitateko ordezkariak, Nerea Basterra Oxfam Intermóneko kideak, Natxo Rodríguez Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Kohesiorako Zuzendaritzako ordezkariak eta Tamara de Gracia Romero Mugarik Gabeko kideak.
Espazio zibikoa eta ekintza humanitarioa ere izan dira eztabaidagai, Cristina Churruca Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuko kidearen eta Karlos Pérez de Armiño EHUko Hegoa Institutuko kidearen eskutik.
Arratsaldean, nazioarteko agenda eta arkitektura multilaterala aztertu dituzte Aran Acha UN Etxeko kideak, Aitor Pérez ECOPER – Lankidetzaren Ekonomialariak erakundeko ordezkariak eta Javier Cortés eLankidetzako zuzendariak. Ondoren, esperientzia eraldatzaileak ezagutzeko aukera izan da, Issoufou Soumana Nigerreko DIKO GKEko kidearen, Maiteder Sasieta Garabideko ordezkariaren eta Juanma Balerdi Euskal Fondoako ordezkariaren eskutik.
Topaketaren amaieran, GGKEen Koordinakundeen Estatuko Topaketaren inaugurazio-ekitaldia egin da, eta Jon Insausti Donostiako alkatearen ongietorri instituzionala eta gero, Jon Sarasua soziolinguistak hitzaldia egin du.
Jardunaldiaren bidez, antolatzaileek lankidetza deszentralizatuaren ekarpena indartu eta giza eskubideak, elkartasun globala eta garapen jasangarria sustatzeko konpromisoa berretsi nahi dute, lurraldeetako eragile sozialen eta instituzionalen arteko lankidetza ardatz hartuta.

