Joan edukira Saltar a contenido

Ignacio Ellacuria sariaren 2026ko deialdira hautagaitzak bidaltzeko epea, zabalik

Argitalpen-data: 

Ignacio Ellacuria sariaren 2026ko deialdira hautagaitzak bidaltzeko epea, zabalik
  • Berdintasunaren, justiziaren eta pobrezia desagerrarazteko lan egiten duten pertsona eta erakundeen ekarpena aitortzen du eLankidetza - Lankidetzarako eta Gardentasunerako Euskal Agentziaren sariak.

eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak urriaren 29 honetan argitaratu du Ignacio Ellacuría Sariaren 2026ko deialdia. Hautagaitzak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izango da, azaroaren 13ra arte egongo delarik zabalik.

Saria Euskadiko garapenerako lankidetzaren erreferente nagusietako bat da, eta herrien arteko berdintasunaren, justiziaren eta pobrezia desagerraraztearen alde egindako lan nabarmena aitortzea du helburu. Horrez gain, nazioarteko elkartasunaren eta giza eskubideen defentsaren aldeko konpromiso eredugarriak ikusarazi nahi ditu, euskal gizartearen sentsibilizazioan laguntzeko.

Aurreko edizioetan bezala, Euskadin egoitza soziala edo ordezkaritza duten garapenerako lankidetzako erakundeek aurkeztu ditzakete hautagaitzak. Saria esleitzeko proposamena GGKEen eta erakunde publikoen ordezkariek osatutako epaimahai batek egingo du.

Konpromisoaren eta elkartasunaren aitortza

Ignacio Ellacuría saria El Salvadorren hil zuten jesuita, filosofo eta teologoaren omenez sortu zen. Ellacuríaren pentsamenduak eta jardunak gizarte-justizia, giza eskubideen defentsa eta herri zapalduenekiko konpromisoa izan zituzten ardatz. Balio horiek dira, hain zuzen ere, sariaren oinarrian daudenak.

Urtez urte, nazioarteko lankidetzaren, giza eskubideen defentsaren, bakearen eraikuntzaren, genero-berdintasunaren edo pobrezia eta desberdintasunen aurkako borrokaren esparruetan nabarmendu diren pertsona eta erakundeen lana aitortu du sariak. Aitorpen horren bidez, eLankidetzak ikusgarritasuna eman nahi die mundu bidezkoago eta berdinzaleago baten alde lanean ari direnei.

Aurreko edizioak

Azken urteetan, Ignacio Ellacuría Sariak nazioarteko elkartasunaren eta giza eskubideen defentsaren erreferente bihurtu diren pertsona eta erakundeak saritu ditu. Azken edizioetan, besteak beste, UNRWA, Palestinako errefuxiatuentzako Nazio Batuen agentzia, izan da saritua 2024an; 2023an, berriz, Seynabou Male Cissé bakearen eta emakumeen eskubideen aldeko ekintzaile senegaldarra; eta 2022an, Vandana Shiva ekofeminista eta ingurumenaren defendatzaile indiarra. Horien aurretik, 2021ean, Articulación Feminista de Nicaragua eta Asociación Madres de Abril erakundeek jaso zuten saria, giza eskubideen eta demokraziaren alde egindako lanagatik. Sariaren historian zehar, garapenerako lankidetzaren, genero-berdintasunaren, bakearen eraikuntzaren eta giza eskubideen defentsaren aldeko ekarpen esanguratsuak aitortu dira, bai tokiko errealitateetan eragin zuzena izan dutenak, bai mundu mailako erronkei erantzuten lagundu dietenak.

2026ko deialdi honekin, eLankidetzak berriro ere gizarte bidezkoago, jasangarriago eta inklusiboago baten alde lan egiten duten pertsona eta erakundeen lana balioan jartzeko konpromisoa berresten du.

Hautagaitzak aurkezteko informazio guztia eta deialdiaren oinarriak urriaren 29tik aurrera egongo dira eskuragarri eLankidetzaren webgunean.