Joan edukira Saltar a contenido

Hezkuntza antiarrazazistatik ekintzara egiteko tresna praktikoak landu dira eLankidetzak antolatutako IX. Heziketa Topaketan

Argitalpen-data: 

Hezkuntza antiarrazazistatik ekintzara egiteko tresna praktikoak landu dira eLankidetzak antolatutako IX. Heziketa Topaketan
  • eLankidetzak eta Hezkuntza Sailak antolatutako IX. Heziketa Topaketak hezkuntza antiarrazistaren erronkak eta aukerak jorratu ditu, hezkuntza eta komunitate esparruetan gatazka arrazistei aurre egiteko ikuspegi praktiko eta eraldatzailea eskainiz.
  • Jardunaldian, hezkuntza komunitateko profesionalek arrazakeria identifikatzeko, egoerei kulturartekotasunetik erantzuteko eta zaintzan oinarritutako komunitateak eraikitzeko tresnak landu dituzte, Desirée Bela-Lobedde idazle, hizlari eta hezkuntza antiarrazistaren dibulgatzailearen eskutik.

eLankidetza - Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak eta Hezkuntza Sailak antolatuta egin da Gasteizko Berritzegune Nagusian IX. Heziketa Topaketa, ‘Hezkuntza antiarrazista: hitzetatik ekintzetara’ izenburupean. Jardunaldiak hezkuntza arloan diharduten profesionalak bildu ditu, ikastetxeetan eta komunitateetan arrazakeriari aurre egiteko tresnak, ikuspegiak eta esperientziak partekatzeko.

Topaketaren ardatza izan da hezkuntza antiarrazista praktikara eramateko beharra. Horretarako, Desirée Bela-Lobeddek gidatutako saioen bidez, parte-hartzaileek hezkuntza inguruetan gertatzen diren egoerak identifikatzeko eta interpretatzeko gakoak landu dituzte, bai eta diskriminazio edo arrazakeria egoeren aurrean kulturartekotasunetik erantzuteko estrategiak ere.

Jardunaldian azpimarratu da hezkuntzak funtsezko rola duela gizarte bidezkoago, inklusiboago eta anitzago baten eraikuntzan. Zentzu horretan, arrazakeriaren aurkako ikuspegia ez dela soilik erreakzio bat izan behar nabarmendu da, baizik eta hezkuntza-praktiken, curriculumaren eta komunitate-harremanen parte integrala.

Saioen bidez, bertaratuek hausnartzeko aukera izan dute hezkuntza-eremuetan ikusten eta normalizatzen diren desberdintasunen inguruan, eta eguneroko jardunean aldaketa eraginkorrak egiteko baliabideak eskuratu dituzte. Halaber, komunitatea eraikitzeko eta esku-hartzeetan norberaren nahiz kolektiboaren zaintza txertatzeko beharra landu da, eraldaketa-prozesuak iraunkorrak izan daitezen.

Desirée Bela-Lobeddek nabarmendu du arrazakeriaren aurkako hezkuntzak ez duela soilik ezagutzak transmititzea bilatzen, baizik eta pertsonen begirada eraldatzea eta desberdintasunen aurrean jarrera aktiboak sustatzea. Horretarako, ezinbestekotzat jo du hezkuntza-komunitate osoaren inplikazioa eta elkarlana.

Topaketaren bidez, antolatzaileek hezkuntza antiarrazistaren aldeko konpromisoa berretsi nahi izan dute, hezkuntza-eragileei tresna praktikoak eskainiz eta hezkuntza-sistemak gizarte bidezkoago eta inklusiboago baten eraikuntzan duen zeregina indartuz.