Joan edukira Saltar a contenido

Garapenarako lankidetzarako erakundeak Bilbon bildu dira lankidetza deszentralizatuaren erronkak eta aukerak aztertzeko.

Argitalpen-data: 

Garapenarako lankidetzarako erakundeak Bilbon bildu dira lankidetza deszentralizatuaren erronkak eta aukerak aztertzeko.
  • eLankidetzak eta Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Garapenerako Lankidetzako Ministerioaren Garapen Jasangarriko Politiken Zuzendaritza Nagusiak (DGPOLDES) elkarlanean antolatutako Lankidetza Deszentralizatuaren jardunaldiak garapenerako lankidetzak nazioarteko testuinguru berrietan dituen erronkak eta aukerak aztertu ditu, lurraldeen eta gobernantza-maila desberdinen eginkizunean arreta jarriz.
  • Erakunde publikoetako eta nazioarteko organismoetako ordezkariek lankidetza deszentralizatuaren balio estrategikoa, politika-koherentziaren garrantzia eta garapen jasangarriaren aldeko aliantzak indartzeko beharra nabarmendu dituzte.

Vitoria-Gasteiz, 2026/10/26eLankidetza - Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak Lankidetza Deszentralizatuari buruzko Jardunaldia egin du Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Garapenerako Lankidetzako Ministerioaren Garapen Jasangarriko Politiken Zuzendaritza Nagusiarekin (DGPOLDES) elkarlanean, Bilboko Euskal Museoan. Saioaren ardatzak izan dira nazioarteko lankidetzak gaur egun dituen erronkak, gobernantza-maila desberdinen arteko elkarlana eta giza garapen jasangarria lurraldeetan eta lurraldeetatik sustatzearen garrantzia.

Kanariak, Nafarroa, Asturias, Galizia, Balear Uharteak, Errioxa, Gaztela-Mantxa, Valentzia eta Kataluniako autonomia erkidegoetako arduradun eta teknikariek parte hartu dute jardunaldian, baita estatu mailako lankidetza-funtsen konfederazioko eta Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziako (AECID) ordezkariek ere. Parte-hartzaileek azken urteetako nazioarteko testuinguruak garapenerako lankidetzan izan duen eragina aztertu dute. Mundu mailako gatazkek, krisi humanitarioek, giza eskubideen arloko atzerapausoek eta lankidetzaren nazioarteko arkitekturaren bilakaerak agerian utzi dute lankidetza-politiken eginkizuna eta etorkizuna berriz pentsatzeko beharra. Aldi berean, erronka globalen eta tokiko erantzunen arteko lotura gero eta estuagoak erakundeen arteko koordinazioa eta ekintza partekatua indartu behar direla berretsi du.

Jardunaldiaren hasieran, Javier Cortés eLankidetzako zuzendariak eta Sergio Colina DGPOLDESeko zuzendari nagusiak hartu dute hitza. Biek nabarmendu dute lankidetza deszentralizatuak herritarrengandik eta tokiko errealitateetatik hurbilago dauden politika publikoak garatzeko aukera ematen duela, elkartasun globala eta garapen jasangarria sustatuz.

Goizeko lehen mahaian, Sébastien Vauzelle, Local2030 Koalizioaren Idazkaritzako zuzendari exekutiboak, eta Aitor Pérez, ECOPER-Economistas de la Cooperación erakundearen sortzaile eta aholkulari nagusiak, nazioarteko testuinguruaren bilakaera eta Garapen Jasangarrirako Helburuak lurralde mailan txertatzeko prozesuan lurraldeek duten zeregina aztertu dituzte.

Ondoren, maila anitzeko gobernantzari eta politika-koherentziari buruzko eztabaidak bildu ditu Andrea Costafreda, Kataluniako Generalitateko Garapenerako Lankidetzako zuzendari nagusia; Ángel Calle, AECIDeko Garapen Jasangarrirako Aliantzen eta Berrikuntzaren zuzendaria; eta Javier Cortés. Hizlariek bat egin dute ideia batean: gaur egungo erronka globalei erantzuteko ezinbestekoa da administrazio-maila guztien arteko koordinazioa indartzea eta politika publikoen arteko koherentzia bermatzea, gobernu osoaren ikuspegi bateratu batetik eta gizarteko garapen-eragile guztietara zabalduz. Bereziki azpimarratu dute giza eskubideen inguruko kontakizun berriak sustatzeko beharra, elkartasunaren, giza eskubideen eta garapen jasangarriaren aldeko mezua zabaltzeko.

Jardunaldiaren hirugarren mahaia gizarte zibilaren eta lankidetza-sistemako eragileen paperari eskaini zaio. Bertan parte hartu dute Sonia González, Euskadiko GGKEen Koordinakundeko presidenteordeak; Beatriz Coto Rodríguez, Asturiasko Garapenerako Lankidetza Agentziako zuzendariak; Pedro Carceller Icardo, Valentziako Generalitatearen ordezkariak; eta Jordi Cuadras Oliva, CONFOCOSeko presidenteak. Parte-hartzaileek azpimarratu dute lankidetza deszentralizatua funtsezko tresna dela erakundeen, gizarte-erakundeen, herritarren eta lankidetzako eragile ez-ohikoen artean aliantza zabalak eraikitzeko. Horien artean aipatu dituzte sektore pribatua, garapenerako zentro teknologikoak eta unibertsitate-eremua. Helburua da berrikuntza sustatzea eta eraldaketa jasangarriko prozesuak bultzatzea. Sonia Gonzálezek, bere aldetik, gizarte zibil sendo eta anitz baten garrantzia nabarmendu du, espazio zibikoen higadurak dakarren arriskuaz ohartaraziz eta aurrekontu-konpromisoak betetzearen beharra azpimarratuz.

Jardunaldiaren barruan, parte-hartzaileek aukera izan dute Bilbon kokatutako Local2030 Koalizioaren Idazkaritzaren egoitza ezagutzeko. Bisitak aukera eman die tokiko gobernuek eta erakunde publikoek 2030 Agendaren helburuak lurraldeetan ezartzeko prozesuan duten zeregina gertutik ezagutzeko.

Topaketaren amaieran, antolatzaileek lankidetza deszentralizatuaren balio estrategikoa berretsi dute egungo nazioarteko testuinguruan. Nabarmendu dute herritarren parte-hartzea sustatzeko, erakundeen arteko lankidetza indartzeko eta politika publiko eraldatzaileak bultzatzeko duen gaitasuna. Era berean, garapen jasangarriaren, giza eskubideen eta elkartasun globalaren aldeko konpromisoa berretsi dute, mundu mailako erronkei lurraldeetatik sortutako aliantzen bidez erantzuteko.

Jarraipena Donostian

Jardunaldi hau eLankidetzak gaur egungo erronka globalen aurrean lankidetza deszentralizatuaren inguruko hausnarketa eta ikaskuntza partekatua sustatzeko egiten duen apustuaren barruan kokatzen da. Bide horretan, urriaren 22an Donostian egindako topaketak eman dio jarraipena, eLankidetzak eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeak antolatutakoa. Jardunaldi hartan, erakunde publikoetako ordezkariek, lankidetza eta elkartasunaren ekosistemako garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek eta adituek lankidetza deszentralizatuaren ekarpena eta balio estrategikoa aztertu zituzten, gero eta konplexuagoa den nazioarteko testuinguru baten aurrean.

Donostiako topaketan, parte-hartzaileek lankidetza deszentralizatuak egungo nazioarteko agertokian duen zereginari buruz hausnartu dute. Gatazka armatuen ugaritzeak, krisi humanitarioek, espazio zibikoaren murrizketak eta nazioarteko harremanen polarizazio gero eta handiagoak garapenerako lankidetzaren etorkizuna jarri dute eztabaidaren erdigunean. Testuinguru horretan, erakunde publikoetako ordezkariek, gizarte-erakundeek eta unibertsitate-esparruko adituek lankidetza-politiken erronka eta aukera nagusiak aztertu dituzte.

Jardunaldian tokiko eta nazioarteko adituek, erakunde publikoetako ordezkariek eta garapenerako lankidetzari lotutako eragileek parte hartu dute. Besteak beste, hitza hartu dute José Antonio Alonso Madrilgo Complutense Unibertsitateko katedradunak; Mary Tere Guzmán Alboaneko zuzendari exekutiboak; Nerea Basterra Oxfam Intermónekoak; Natxo Rodríguez Bizkaiko Foru Aldundikoak; eta Tamara de Gracia Romero Mugarik Gabekoak. Halaber, Cristina Churrucak (Deustuko Unibertsitatea) eta Karlos Pérez de Armiñok (Euskal Herriko Unibertsitatea) ere parte hartu dute. Amaitzeko, Aran Acha (UN Etxea), Aitor Pérez (ECOPER) eta Javier Cortés (eLankidetza) nazioarteko agenda eta lankidetzaren etorkizunaz mintzatu dira; eta Issoufou Soumana, Maiteder Sasieta eta Juanma Balerdik beren jardun-esparruetan bultzatutako esperientzia eraldatzaileak partekatu dituzte.