- Tindufeko kanpalekuetan egindako bisitak saharar herriaren errealitatea bertatik bertara ezagutzeko eta Euskadik giza eskubideen eta elkartasunaren alde duen konpromisoa indartzeko balio izan du.
Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara antolatutako ordezkaritza instituzional batean parte hartu du eLankidetza - Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak, Mendebaldeko Sahararen egoera politikoa eta humanitarioa bertatik bertara ezagutzeko eta saharar herriarekin duen lankidetza eta elkartasuna berresteko. Azaroaren 13tik 17ra bitartean egin den egonaldian, hainbat topaketa instituzional, bisita eta elkarlan ekitalditan parte hartu dute ordezkaritzako kideek. Euskal Fondoak eta Saharar Ordezkaritzak Euskadin antolatu dute bisita.
Egonaldiak aukera eman du hamarkadetan erbestean bizi den saharar herriaren beharrei eta erronkei lehen eskutik heltzeko. Horretarako, Tindufen (Aljeria) kokatutako errefuxiatuen kanpalekuetara iritsi ostean, ordezkaritzak bilerak egin ditu Saharar Emakumeen Batasun Nazionalarekin (UNMS), Preso eta Desagertu Sahararren Senideen Elkartearekin (AFAPREDESA) eta Saguia el Hamra eta Río de Oroko Gazteen Batasunarekin (UJSARIO), besteak beste. Bilera horietan emakumeen eskubideen defentsari, gazteen etorkizunari eta Mendebaldeko Saharan giza eskubideen urraketen dokumentazioari lotutako erronkak jorratu dituzte.
eLankidetzak arreta berezia jarri dio egoera humanitarioari ere. Horren harira, ordezkaritzak bilera egin du Media Luna Roja Saharaui eta Mundubat erakundearekin, kanpalekuetako elikadura-segurtasunaren egoera eta azken urteetako bilakaera ezagutzeko. Topaketan aztertu da, era berean, Mundubatek 2022tik garatzen duen estrategia humanitarioa, eLankidetzaren finantzaketarekin gauzatzen ari dena.
Halaber, dimentsio politiko eta instituzional nabarmena ere izan du bisitak. Ordezkaritzak Mendebaldeko Sahararen egoera diplomatikoari buruzko goi-mailako bilera batean parte hartu du, eta Dajlako wilayako agintariekin eta gobernadorearekin elkartu da. Horrez gain, Informazio Ministerioaren irrati emisora bisitatu dute, errefuxiatuen kanpalekuetan informazio eskubidea bermatzeko egiten den lana ezagutzeko.
Bisitan zehar hainbat proiektu eta azpiegitura ere ezagutu dituzte. Bisitak agerian utzi du nazioarteko lankidetzak eta erakundeen arteko harremanek duten garrantzia, eta nabarmendu dute Euskadik Mendebaldeko Sahararekiko duen konpromiso historikoak indarrean jarraitzen duela, giza eskubideen defentsaren, elkartasunaren eta herrien arteko lankidetzaren bidetik.

