- UN Etxeak Bilbon antolatutako jardunaldiak gizarte-erakundeetako, erakunde publikoetako, unibertsitateetako eta gizarte zibileko beste hainbat eragiletako ordezkariak bildu ditu, gizarte demokratikoagoak eta jasangarriagoak eraikitzeko kontakizun partekatuek duten zereginari buruz hausnartzeko.
eLankidetza - Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak parte hartu du Bilborocken egin den Gizarte Zibilaren III. Topaketan. UN Etxeak antolatu du jardunaldia, Futuro en Común plataformaren laguntzarekin. Topaketak aukera eman du narratiba kolektiboek gizarte-eraldaketak sustatzeko eta gaur egungo erronka globalei aurre egiteko duten garrantzia aztertzeko; besteak beste, desinformazioa, polarizazioa eta krisi ekologikoa izan dira hizpide.
Hasierako ekitaldian Javier Cortés eLankidetzako ordezkariak hartu du parte, Arantza Acha UN Etxeko zuzendariarekin eta Aranzazu Romero Futuro en Comúneko kidearekin batera. Irekiera saioan nabarmendu dutenez, ezinbestekoa da narratibak lurraldeetan bertan aktibatzea eta beste testuinguru batzuetako esperientzietatik ikastea, tokiko ikuspegitik erronka globalei erantzuten lagunduko duten ezagutza partekatuak eraikitzeko.
Gaur egungo gatazkek irtenbide globalak eskatzen dituztela abiapuntu hartuta, parte-hartzaileek errealitatea modu zatikatuan ulertzeko joera gainditu beharra azpimarratu dute. Izan ere, gizarte-, kultura-, ekonomi- eta ingurumen-erronkek elkarren arteko lotura estua dutela gogorarazi dute, eta errealitate sistemiko hori aitortzea dela epe luzerako aldaketak eragin ditzaketen kontakizun partekatuak eraikitzeko lehen urratsa.
Era berean, herritarrak eraldaketa-prozesuen erdigunean kokatzearen garrantzia nabarmendu dute. Horretarako, parte-hartze kolektiboan oinarritutako aldaketaren kultura sustatu behar dela defendatu dute, etorkizun bidezkoagoak eta jasangarriagoak irudikatuko dituzten imajinario partekatuak eraikiz.
Demokrazia sendotzeko narratibak
Jardunaldiko une esanguratsuenetako bat Malena Famák eskaini duen hitzaldia izan da. Red Encuentro Argentina eta Forus International sareetako kideak desinformazioak eta polarizazioak demokraziaren kalitatean eta espazio zibikoan dituzten ondorioak aztertu ditu.
Famák azaldu du gizarte zibilak salaketa eta proposamena uztartu behar dituela, eragile estrategikoekin konektatzeko eta mezuak ekintza erreal bihurtzeko gai diren diskurtsoak eraikiz. Haren esanetan, komunikazio digitalak ekintzarako dei argiak eta herritarren parte-hartzea sustatuko duten espazioak behar ditu, mezuak lurraldearen eraldaketarekin lotzeko.
Halaber, gorroto diskurtsoek eta indarkeria instituzionalak bazterketa modu berriak legitimatzeko izan dezaketen eragina ohartarazi du, eta gizarte-erakundeek giza eskubideen defentsan duten eginkizuna aldarrikatu du.
Komunitate erresilienteagoak eraikitzeko esperientziak
Amaia Goikoetxea Euskal Kazetarien Elkargoko dekanoak gidatutako ‘Esperientzia eraldatzaileak’ mahai-inguruak hainbat ekimen ezagutzeko aukera eman du, bizikidetza eta herritarren parte-hartzea indartzeko helburua dutenak.
Horien artean, Marta Tejadak ZAS! Zurrumurruen aurkako Euskal Sarearen esperientzia aurkeztutu du. Hamarkada bat baino gehiagoko ibilbidean metatutako ikaskuntzak partekatu ditu, eta azaldu du etapa berri bati ekin diotela alfabetatze mediatikoa eta digitala indartzeko eta komunikabideekin lotura estuagoak eraikitzeko.
Bestalde, María José Cantalapiedra Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak azpimarratu du alfabetatze mediatiko eta informazionalak herritarrei tresnak eskaintzen dizkiela desinformazioa identifikatzeko eta irizpide propioak garatzeko. Europako hainbat proiekturen baitan garatutako esperientziak aurkeztu ditu, kazetaritzaren eta metodo zientifikoaren oinarriak hezkuntza formal eta ez-formaleko eremuetara eramateko helburua dutenak.
‘Gu’ zabalago bat eraikitzen
Jardunaldiak beste hausnarketa baterako ere balio izan du. Komunitate-loturak eta erakundeen ezagutza indartzeko beharra arakatu dituzte. Parte-hartzaileek ohartarazi dute gero eta handiagoa dela distantzia herritarren zati baten, bereziki gazteen, eta gizarte osoari eragiten dioten erabakiak hartzen diren eremu kolektiboen artean.
Testuinguru horretan, aniztasuna aitortu eta erronka komunen aurrean erantzunkidetasuna sustatuko duten narratiba inklusiboak eraikitzearen alde egin dute. Helburua da pertenentzia sentimendua handitzea eta gizartearen kohesioa indartzea.
Topaketa amaitzeko, parte-hartzaileek lantalde kolektibo batean jardun dute, giza eskubideak, bizikidetza demokratikoa eta justizia ekosoziala indartzen lagun dezaketen istorioak, marko narratiboak eta mezuak identifikatzeko.
Jardunaldian parte hartuta, eLankidetzak gizarte zibil aktibo, kritiko eta konprometituaren aldeko apustua berretsi du. Izan ere, pertsonak eta ongizate komuna erdigunean jarriko dituzten kontakizun partekatuak funtsezkoak dira etorkizun bidezkoago eta jasangarriagoak eraikitzeko.

