- Mujeres en Marcha programaren baitan garatutako esperientziak ezagutzeko aukera izan da Bilbon egindako jardunaldian. Ezagutzak partekatzea, aliantzak sendotzea eta elkarrizketarako espazioak sustatzea izan ditu ardatz topaketak. Alboanek 2019az geroztik laguntzen duen programa da, eta hamar herrialde baino gehiagotan garatu da.
Javier Cortés eLankidetza - Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariak parte hartu du ‘Mujeres en Marcha: giza mugikortasuna eta emakumeen aurkako indarkeriak’ nazioarteko kongresuaren inaugurazioan. Topaketa azaroaren 9an eta 10ean egin da, Bilboko Deustuko Unibertsitatean, eta Alboanek eta unibertsitateak berak antolatu dute.
eLankidetzaren presentziak berretsi egin du euskal lankidetzak emakumeen eta nesken eskubideen defentsarekin duen konpromisoa, bereziki behartutako mugikortasuna, desplazamendua eta askotariko indarkeria egoerak pairatzen dituztenen kasuan.
Kongresuak bildu ditu Afrikan, Latinoamerikan eta Europan emakume migratuekin, errefuxiatuekin eta desplazatuekin lanean ari diren gizarte erakundeetako, erakunde publikoetako, unibertsitateetako eta bestelako entitateetako ordezkariak. Ezagutzak partekatzea, aliantzak sendotzea eta elkarrizketarako espazioak sustatzea izan ditu ardatz topaketak, eta aukera eman du Mujeres en Marcha programaren baitan garatutako esperientziak ezagutzeko. Alboanek 2019az geroztik laguntzen duen programa da, eta hamar herrialde baino gehiagotan garatu da.
Javier Cortések hasiera ekitaldian hartu du hitza, erakunde eta akademia munduko ordezkariekin batera. Han izan dira, besteak beste, Mary Tere Guzmán Bonilla, Alboaneko zuzendaria; Felipe Gómez Isa, Deustuko Unibertsitatekoa; María Guijarro Ceballos, Berdintasunerako eta Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Estatuko idazkaria; eta Natxo Rodríguez Puertas, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Kohesioko zuzendari nagusia.
Jardunaldietan hainbat gai landu dira: migrazio testuinguruetan emakumeek pairatzen dituzten indarkeriak, bakearen eraikuntza, autonomia ekonomikoa eraldaketarako tresna gisa, zaurgarritasun handiko testuinguruetan programak ebaluatzeko erronkak, eta lankidetza sistemak ikuspegi feminista eta giza eskubideen ikuspegitik birpentsatzeko premia.
Halaber, nazioarteko erreferente diren emakumeen parte hartzea izan du kongresuak. Horien artean daude Caddy Adzuba, Asturiasko Printzesa Konkordiaren Sariaren irabazlea eta Kongoko Errepublika Demokratikoko Pélagie Muhigirhwa Fundazioaren zuzendaria; Julienne Baseke, AFEM erakundeko zuzendaria eta Giza Eskubideen Tulipan Saria jasoa; eta Alejandra Castellanos, Latinoamerika eta Kariberako Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzuko eskualdeko zuzendaria.
Lurraldeetatik eraikitako erantzunak ikusgarri egitea
Genero berdintasunaren eta emakumeen eskubideen alde lan egiten duten erakundeen, gizarte eragileen eta nazioarteko aktoreen arteko aliantzak sendotzen laguntzen dute horrelako guneek. Era berean, behartutako desplazamenduek eta genero arrazoiengatiko indarkeriek planteatzen dituzten erronkei aurre egiteko lurraldeetan sortutako esperientziak eta erantzunak ikusgarri egiteko aukera ematen dute.
Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren parte hartzea bat dator giza eskubideetan oinarritutako lankidetza feminista sustatzeko konpromisoarekin. Helburua da zaurgarritasun egoeran dauden emakumeak eta komunitateak laguntzen dituzten erakundeak indartzea eta munduko hainbat eskualdetan eraldaketa sozialerako prozesuak babestea.

