- Misioak Euskadiko eta El Salvadorreko erakundeen arteko esperientzia trukea sustatu du Emakunde eta Eudeleko ordezkariekin batera
Urriaren 26tik 31ra bitartean, eLankidetza-Euskal Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako, Emakundeko eta Eudeleko ordezkariek El Salvadorrera lan-misioa egin dute, emakumeen lidergo politikoa eta tokiko berdintasun politikak indartzeko esperientziak partekatzeko. Ekimena ANDRYSAS erakundeak eta NBE Emakumeak El Salvadorrek antolatu dute.
Misioaren helburua izan da Euskadiko eta El Salvadorreko erakunde publikoen, emakumeen erakundeen eta nazioarteko lankidetzako eragileen arteko ezagutza-trukea sustatzea, emakumeen parte-hartze politikoan eta berdintasun politiketan aurrera egiteko.
Lan-saioak, topaketa instituzionalak eta lurralde-bisitak egin dituzte San Salvador Norte eta Chalatenango Norte udalerrietan. Bertan, udal ordezkariek, emakume liderrek, unibertsitateko ordezkariek eta berdintasunaren sustapenean lan egiten duten erakundeek parte hartuko dute.
Misioaren lehen egunean, emakumeen parte-hartze politikoari, ingurune digitaletako indarkeriaren prebentzioari eta nazioarteko lankidetzari buruzko elkarrizketa egin da El Salvadorreko Unibertsitatean. Bertan, eLankidetzak lankidetza teknikoaren eta nazioarteko elkartasunaren arloan duen esperientzia aurkeztu du; Emakundek, berriz, emakumeen aurkako indarkeria digitala prebenitzeko garatutako ekimenak partekatu ditu, eta Eudelek emakume udal-gidarien prestakuntzaren inguruko jardunbide egokiak aurkeztu ditu.
Tokiko esperientziak ezagutuz
Misioaren baitan, ordezkaritzak San Salvador Norteko emakume liderrekin elkartu dira, espazio publikoaren erabilerari eta emakumeen segurtasunari buruz egindako "mapa moreak" edo "beldurraren mapak" ezagutzeko. Gainera, udal agintariekin bildu dira, berdintasunaren aldeko udal politikak garatzeko martxan dauden ekimenak aztertzeko.
Chalatenango Norten, berriz, bisitaren ardatz nagusietako bat izan da Casa de la Mujer zentro berriaren inaugurazioa. Espazio hori emakumeen ahalduntzerako, parte-hartzerako eta topaketarako gunea izan da, eta udalerriaren eta emakumeen erakundeen arteko lankidetzaren emaitza da.
Inaugurazioaren ostean, Euskadiko eta El Salvadorreko ordezkariek emakumeen etxeen funtzionamenduari, gobernantzari eta komunitateetan duten eraginari buruzko tailerra egin dute, bi testuinguruetako esperientziak alderatzeko eta ikaskuntzak trukatzeko.
Azkenik, emakumeen lidergo eraldatzailea, tokiko gobernantza eta emakumeek erabakiak hartzeko espazioetan aurkitzen dituzten erronkak landu dituzte foro eta lan-mahai ezberdinen bidez, emakume hautetsien, udal ordezkarien eta gizarte-erakundeen parte-hartzearekin.

