Joan edukira Saltar a contenido

eLankidetzak Afrikaldiaren seigarren edizioa babestuko du

Argitalpen-data: 

Nortasuna eta komunitatearekiko atxikimendua izango ditu ardatz Afrikako Zinemen Euskal Jaialdiak; azaroaren 3tik 9ra egingo da Gasteizen

eLankidetzak Afrikaldiaren seigarren edizioa babestuko du

eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak Afrikaldiaren seigarren edizioa babestuko du. Afrikako Zinemen Euskal Jaialdia azaroaren 3tik 9ra egingo da Gasteizen. Nortasuna eta komunitatearekiko atxikimendua izango dira aurtengo gai nagusiak, eta Afrikako zinemagintzaren aniztasuna erakusteko zein kultura arteko elkarrizketa sustatzeko gune izango da berriro ere.

Jaialdiaren atarian, aurtengo kartela aurkeztu dute. Laurent Leger dokumental argazkilari eta bideogileak sortu du irudia. Réunion uhartean jaioa da, eta bi pertsonaren arteko besarkada hartu du abiapuntu. Egilearen arabera, zinema jaialdi bati lotutako «istorio ireki» baten fotograma izan zitekeela iradoki nahi izan du. Irudian, gainera, Afrikako komunitateen nortasunarekin eta erresistentziarekin lotutako hainbat elementu txertatu ditu.

Kartelaren aurkezpenean Afrikaldian parte hartuko duten Afrikako elkarteetako ordezkariak ere izan dira. Azpimarratu dute jaialdiak urteotan harrera ona izan duela Gasteizen, eta gogorarazi dute 17 afrikar elkartek urte osoan egiten dutela lan ekimena posible izan dadin. Haien hitzetan, «harrotasun handia» da Afrikako zinemak eta kulturak Euskal Herrira hurbiltzen dituen jaialdi bat hirian sustatzea.

Berritasunak egitarauan

Aurtengo programazioak zenbait berritasun izango ditu. Vital Fundazioaren Arkabia aretoan emango dituzte lehen aldiz sail ofizialeko hamar filmak, gaztelaniazko azpidatziekin. Horrez gain, Artium museoa, Jai Alai apartamentuak eta Fot&Co argazki denda ere jaialdiaren egoitza izango dira lehenengoz.

Euskarak ere izango du tokia egitarauan. Izaskun Arrue kulturunean filmak euskaraz azpidatzita proiektatuko dituzte, Afrikako zinemagintza euskal hiztunengana ere gerturatzeko asmoz.

Ekimen honen bidez, gizarte anitzago eta inklusiboago baten alde egin nahi da, eta nazioarteko elkartasuna, kulturen arteko ezagutza eta errespetua sustatu. Kultura Bendera elkarteak eta Manuel Iradier Elkarte Afrikanistak antolatzen dute Afrikaldia. Jaialdiak eLankidetza - Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren, Eusko Jaurlaritzako Hirugarren Sektore Sozialaren eta Komunitate Ekintzaren Sustapenerako Zuzendaritzaren, Gasteizko Udalaren, Vital Fundazioaren eta Nafarroako Rural Kutxaren babesa du.