Joan edukira Saltar a contenido

Afrikaldiaren seigarren aldia, azaroaren 3tik 10era Gasteizen

Argitalpen-data: 

Afrikaldiaren seigarren aldia, azaroaren 3tik 10era Gasteizen
  • Afrikako eta diasporako 20 herrialdetako hamar film bilduko ditu jaialdiak, eta identitateari eta kidetzari buruzko gogoeta proposatuko du.

Afrikaldiak, Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiak, seigarren aldia egingo du azaroaren 3tik 10era bitartean Gasteizen eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren eskutik. Aurtengo edizioak hamar film izango ditu sail ofizialean, horietatik sei estreinaldi nazionalak. ‘Identitatea eta kidetza aldatzen ari den mundu batean’ lelopean antolatu da egitaraua.

Jaialdiak fikziozko sei film luze eta lau dokumental eskainiko ditu, Afrikako eta diasporako zinemagileen begiradak publikoari hurbiltzeko. Antolatzaileen arabera, lanek gizarte gero eta anitzago eta kulturaniztunago batean identitateen eraikuntzari eta pertenentzia sentimenduari buruz hausnartzeko aukera emango dute.

Sail ofizialak estilo anitzeko lanak bilduko ditu. Besteak beste, familia barruko harremanak ardatz dituen ‘My Father's Shadow’, thriller sozialaren bidetik doan Diya eta komedia dramatikoa den ‘One Woman One Bra’ ikusi ahal izango dira. Nobedadeen artean, gainera, ‘Memory of Princess Mumbi’ nabarmendu dute; Damien Hausser zuzendariaren lanak adimen artifizialaren eta sorkuntza zinematografikoaren arteko harremana aztertzen du.

Jaialdiaren zuzendaritzaren arabera, aurtengo programazioak berriro erakutsiko du Afrikako eta afrikar ondorengo sortzaileen presentzia gero eta handiagoa dela nazioarteko ikus-entzunezko industrian. Guztira, Afrikako eta diasporako 20 herrialdetako lanek osatuko dute egitaraua.

Industria atalaren aldeko apustua

Afrikaldiak industria profesionalari zuzendutako programa ere indartuko du aurten. Horren baitan, jaialdiak sustatutako lehen stop motion dokumental laburra garatzen ari dira elkarlanean Sonia Estevez, Arrieta Saldaña, Kresala Films ekoiztetxea eta 16 gazte afrikar zein afro-ondorengo.

Bestalde, jaialdiaren jarduerak hiriko hainbat gunetara hedatuko dira. Arkabia eta Izaskun Arrue Kulturgunearekin batera, Jai Alai apartamentuak ere erabiliko dituzte industria ataleko ekitaldietarako. Izaskun Arrue Kulturgunean euskaraz azpititulatutako emanaldiak mantenduko dituzte, eta Arkabian, lehen aldiz, sail ofizialeko proiekzioak egingo dituzte. Olagibel kaleko FOT & CO denda izango da jaialdiaren informazio gune ofiziala.

Hiru sari eta aitortza berri bat

Jaialdiak hiru sari emango ditu aurten ere: film onenarena, jatorrizko soinu-banda onenarena eta publikoaren saria. Epaimahaia Jusciele Oliveira, Lamine Thior eta Carmen San Esteban izango dira.

Aurtengo berrikuntza nagusietako bat EITB-Afrikaldia saria izango da. Azaroaren 3an Arkabian egingo den inaugurazio ekitaldian emango dute lehen aldiz, ikus-entzunezko industrian aniztasuna sustatzen duten pertsonak aitortzeko helburuarekin. Ekitaldirako sarrerak doakoak izango dira.

Informazio gehiago eta egitaraua: Afrikaldiaren kanal ofizialetan eta Arkabiaren webgunean.