eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak, deialdia egin berri du GGKEek funtzionamendu maila guztietan egon daitezkeen genero-desberdintasunak ezabatzeko prozesuak eta ekintzak susta ditzaten, baita antolaketa-kulturari lotutakoak ere. Guztira, 351.000 euro bideratuko dira eta eskaerak tramitazio elektroniko bidez aurkeztuko dira, ekainaren 7tik aurrera eta hilabeteko epearekin.
eLankidetzak urtero deialdi bat egiten du erakundeetan genero-berdintasunaren aldeko aldaketa prozesuak egiteko, oinarrizkoa baita emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen aurkako borrokan. Deialdia prozesuaren lau faseetara zuzenduko da ─diagnostikoa, genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plana, plana ezartzea eta ebaluazioa─ eta bakoitzak dirulaguntza zehatz bat izango du.
Prozesuak bideragarri egiteko, erakundeei eskatzen zaien baldintzetako batzuk honako hauek dira: zuzendaritza-taldeek prozesuen genero egituretan nahitaez parte hartu behar izatea; sortutako genero-egiturei fase guztietan eusteko konpromisoa, eta erakundeek soldata bat baztertzea generoko pertsona erreferentearentzat. 2018tik, berez, prozesua aurrera eramango duen pertsonaren soldataren zati bat barneratzeko aukera jasotzen da deialdian; izan ere, genero ekitatearen aldeko aldaketa guztiak gauzatzeko beharrezkoa da erakundearen erabateko inplikazioa.
Eskabideak eta eskatutako dokumentazio guztia telematikoki aurkeztuko da, eta www.elankidetza.euskadi.eus webguneko deialdien atalean edota www.euskadi.eus webgunean.
eLankidetzako genero-berdintasunerako politikak
Iaz, bederatzi erakundek 294.533 euro jaso zituzten emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ahalbidetzen duten prozesuak aurrera eramateko.
Laguntza jasoko duten erakundeen artean, Intered Fundazioak, medicusmundi Bizkaiak, Gurutze Gorriak, Emaus fundazioak, Entretanto Entretente Bitartean Jolasean elkarteak eta Soziolinguistika Klusterrak generoaren partaidetza-diagnostikoa egiteko eta genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoa prestatzeko baliatuko dute; Setem Hego-Haizeak, Etiopia Utopia fundazioak eta UN Etxeak planaren ezarpena eta ondorengo ebaluazioa egingo dute.
Aipatzekoa da, plan horiek ezartzen direnenean aurreikusten direla honako gaien inguruko jarduerak: boluntariotzan sortzen diren genero estereotipo eta rolenak, arrazakeriaren aurkakoak, zaintzak edo indarkeria matxista eta LGTBIfobikoa, besteak beste.
Feminismoa eLankidetzaren oinarritako bat da, eta genero ekitatearen aldeko antolaketa prozesuetarako laguntzetan ez ezik, pobretutako herrialdeetako erakunde feministei eta emakumeak ahalduntzeko proiektuei emandako laguntzetan ere islatzen da. Zentzu horretan, 2024an, ekimenean % 17,14 emakumeen ahalduntzerako zuzendu ziren eta % 15,92 Hego globaleko erakunde feministei.
Ildo horretan, eLankidetzak lehentasunezkotzat jotzen du genero-berdintasuneranzko konpromisoan aurrera egitea, ez politiketan soilik, baita bere egituran eta kulturan ere. Horregatik, hain zuzen, sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurrean jarduteko protokolo bat onartu berri du.