- Imanol Pradales: "Lehendakaritzako eragileen eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren arteko sinergiak aprobetxatuko ditugu, uste baitugu garapenerako lankidetza funtsezko diplomazia-tresna dela gure herriarentzat"
- eLankidetzak 40 milioi euro bideratuko ditu lankidetzako proiektuetara
Imanol Pradales Lehendakaria izan da legegintzaldiko eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako lehen Kontseilu Errektorearen bileraren buru. eLankidetzako erabaki, administrazio eta kontroleko organo nagusia da, eta, bere hamaika kideren artean daude Eusko Jaurlaritzako sailetako, Legebiltzarreko eta GGKEetako hainbat ordezkari.
Lehendakaritzan arratsaldean egin den bileran, Lehendakariak nabarmendu du “hamahirugarren legegintzaldi honetan Lehendakaritza eta Kanpo Harremanetarako idazkaritza osatzen duten eragileen artean sor daitezkeen sinergiak aprobetxatuko ditugu, uste baitugu garapenerako lankidetza funtsezko diplomazia-tresna dela gure herriarentzat”, eta, gaineratu du, “kanpo harremanak, berdintasunak, gobernu koordinazioak eta 2030 Agendak, Nazio Batuen 2030 Tokiko Koalizioaren Idazkaritzak Bilbon duen egoitzak ematen digun aukera barne, esparru paregabea eskaintzen digute lankidetzarako eta elkartasunerako politikak behar bezala zabaltzeko”.
Pradalesek bere hitzaldian gogorarazi duenez, “gero eta interkonektatuago dagoen mundu honetan, aurrekaririk ez duten erronka globalei aurre egin behar diegu. Gobernu demokratikoentzat eta nazioarteko elkartasunarekin konprometituta daudenentzat garapenerako lankidetza politikak ezinbesteko piezak dira mehatxu horiei aurre egiteko”. Ildo horretan, azpimarratu du Gobernuak Lankidetzarako eta Elkartasunerako Lege berria garatzeko konpromiso sendoa duela, “haren begirada zabal eta zeharkakoa aprobetxatu eta lankidetza politikak indartuko ditugu, gainerako eragile publiko zein gizarte zibilarekin batera”.
40 milioi lankidetza proiektuetara
Kontseiluan landutako gaien artean daude eLankidetzak GGKEen proiektuetara zuzenduko dituen 40 milioi euroen dirulaguntza, iaz baino 6 milioi euro gehiago. Laguntzak hiru modalitateetan banatuko dira: garapenerako lankidetzako proiektuak, garapen produktibo, prestakuntzako eta laguntza teknologikokoak, eta gizarte-eraldaketarako hezkuntzako ekimenak.
Honako deialdi hau eLankidetzaren jarduera ardatz garrantzitsuena da, bai funtsen aldetik, baita herrialde pobretuetan eta Euskadin sustatzen dituen eragile eta ekintza kopuruagatik. Ekimen horiek lankidetzaren euskal politikaren lehentasunei laguntzen diete, hala nola emakumeen ahalduntzeari, giza eskubideen defendatzaileak babesteari edo Afrikako kontinenteari.
Era berean, eLankidetzaren 2023ko memoria onartu da, lankidetza eta elkartasun agentziaren jarduera guztiak jasotzen dituena, bai eta aurtengo hitzarmenen eta dirulaguntza zuzenen proposamenak ere.
Azkenik, ekintza humanitarioko laguntzei, lankidetza-programei eta genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketako prozesuak bultzatzeko lankidetza buruzko informazioa eman da.
Ordezkaritza politikoa eta soziala
Bilera honako hauek izan dira: Eusko Jaurlaritzatik, Paul Ortega, eLankidetzako zuzendaria eta Kontseiluko idazkaria; Asier Aranbarri, Berrikuntza Sozialeko zuzendaria; Jose Enrique Corchon, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordea; Miren Lorea Bilbao, Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordea, eta Raúl Pérez, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea. Lankidetza-erakundeen aldetik, Josu Urrutia eta Martin Iriberri, Euskadiko GGKEen Koordinakundeko ordezkariak, eta Elsa Fuente, Unicef Euskadiko koordinatzailea izan dira. Eusko Legebiltzarrak, bestalde, aurki izendatuko ditu dagozkion bi bokal.