Joan edukira Saltar a contenido

Euskadik bere esperientziatik ekarpena egingo dio Kolonbiako Bakearen eta Indarkeria Ezaren Hiri Agendari

Argitalpen-data: 

  • Lantegian parte hartu dute bakean eta giza eskubideetan adituak, euskal erakundeak eta GGKEek
  • Agenda pilotuak eredu izan nahi du Kolonbiako eta Latinoamerikako gainerako hirietako indarkeriari aurre egiteko

eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak, Bilboko Udalak eta Phare Territorios Globales elkarteak lantegi bat antolatu dute, gaur goizean, Kolonbiako Bakearen eta Indarkeria Ezaren Hiri Agendan Euskadiko esperientziatik ekarpenak egiteko. Agenda pilotua Buenaventura hirian ezarriko da, eta Kolonbiako, Latinomerikako eta munduko beste testuinguruetan indarkeriari aurre egiteko eredu gisa balio izatea espero da.

Phare Territorios Globales elkarteak bultzatzen duen proiektua, Kolonbiako nazioarteko Lankidetzarako Lehendakaritzaren Agentziarekin (PCrekin) lankidetzan, eta eLankidetzaren babesa du, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika sailean dagoena. Helburua da hirietan ematen diren askotariko indarkeriak modu integralean heltzea. Era berean, ekimenaren xedea da gizarteratze ekonomikoa, bizikidetza baketsua eta herritarren parte-hartze aktiboa sustatzea, indarkeriaren egiturazko oinarriei aurre egiteko eta Kolonbiako Erabateko Bake Prozesuari laguntzeko.

Hiru faseen bidez, proiektuak proposatzen du Bakerako eta Indarkeria Ezaren Hiri Agendaren eredu bat sortzea, tokiko eragileekin artikulatuta dagoen lurralde zehatz batean kokatzea eta beste hiri batzuetan kopiatzeko gida bat egitea.

Buenaventura, hiri pilotua

Buenaventura ezaguna da Kolonbiako Ozeano Barearen gaineko itsas portu garrantzitsuena duelako, eta, ondorioz, garapen nazionalerako funtsezko gunea da. Gainera, bakearekin, indarkeria ezarekin eta giza eskubideen babesarekin duen konpromisoagatik ere ezaguna da. Hiriko indarkeriaren ertz anitzeko errealitateaz jabetuta, eta “Buenaventura, Potencia de Vida en Paz Total” ekimenaren bidez, hiriak inplikatutako eragileekin hitz egitearen aldeko apustua egin du, eta herrialdean gertatzen ari den Erabateko Bake Prozesuari laguntzea du helburu.

Ekintza pilotua uztailaren 9an Bogotan egingo den nazioarteko konferentziaren ondoren hasiko da, eta Bakearen eta Indarkeria Ezaren aldeko Hiri Agendaren eredua aurkezteko balioko du.