Gobernu Kontseiluak erabaki du, gaur goizean, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren −Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailekoa−, Habanako Unibertsitateko Berrikuntza eta Garapeneko Unibertsitate Fundazioaren eta Tecnalia Fundazioaren arteko jardueren protokolo orokorra onartzea. Protokoloari esker, hiru erakundeek Kuba-Euskadi CEiCE Berrikuntza-ekosistemak Lotzen proiektua bultzatzen jarraituko dute.
Garapenerako Lankidetzako alorrean Kuba eta Euskadiren arteko harremana sendotzeko, 2020ko uztailean, Kubako Gobernuaren Kanpo Merkataritzako eta Atzerriko Inbertsiorako Ministerioak (MINCEX) eta eLankidetzak elkarlanerako memorandun bat sinatu zuten. Bertan, esplizituki jasotzen dira zientzia, teknologia eta berrikuntza jarduera-sektore gisa, garapen faktore funtsezkotzat hartzen baitira.
Ildo horretan, 2021ean, eLankidetza, Habanako Unibertsitatea eta Tecnalia elkarlanean hasi ziren bai Kuban eta baita Euskadin ere, modu ezberdinean, eragiten duten erronka globalei elkarrekin aurre egiten laguntzeko.
Gauzak horrela, Euskaditik, zientzia, teknologia eta berrikuntzaren alorreko euskal eragileak Kubako ekosistemarekin partekatzen ari dira ikasitako praktika onak eta ikasgaiak. Kubak, bere aldetik, bere ezagutza eta esperientzia partekatzen ditu berrikuntzaren euskal ekosistema aberasteko.
Ekimen honek, besteak beste, berrikuntza teknologiko-zientifikoa, talentu teknologikoa erakartzea eta ikerketaren bikaintasuna bezalako erronkei elkarrekin erantzuten lagundu nahi du, garapen ekonomikoa eta soziala hobetze aldera.