Joan edukira Saltar a contenido

eLankidetzak GGKE-en bost programa identifikatzeko laguntzak emango ditu

Argitalpen-data: 

  • Garapenerako lankidetzako programek tokiko eragina duten erronka globalei aurre egiteko balioko dute

eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak 150.000 euro inguru emango dizkie 5 GGKEri, besteak beste, Kolonbian, Bolivian, Guatemalan, Senegalen edo Malin garapenerako lankidetzako programak identifikatzeko. Iparreko zein Hegoko erakundeen eta eragileen arteko lankidetza sustatuko duten ekimenak dira; horregatik, hain zuzen, jarduera ugari herrialde pobretuetan eta Euskadin egingo dira.

Egungo munduan lausotu dira tokiko, estatuko eta nazioarteko mugak, eta, hortaz, hasiera batean Hegoko herrialdeetako arazotzat bakarrik jotzen ziren kontuak erronka global izatera pasatu dira. Horietako batzuk dira krisi klimatikoa, elikagai falta, errefuxiatuen gorakada edo estremismoen hazkundea.

Erronka horiei aurre egiteko beharrezkoak dira tresnak Iparreko zein Hegoko erakundeen arteko elkarlana sustatzeko, baliabideak eta estrategiak komunean jartzeko, maila lokalean zein nazioartean eragiteko gaitasunak garatzeko edota tokiko gizarteen eraldaketarako ekintzak bultzatzeko. 

Ildo horretan, dirulaguntzek balio izango dute 5 GGKEk honako programa hauek identifikatzeko, Euskadin ere jarduerak izango dituztenak: Oxfam Intermonek etxeko langileen eta zaintzako langileen lan eskubideen alde egingo du Boliviako eta Euskadiko hainbat udalerritan eta nazioartean; Mugarik Gabek trantsizio ekologiakoren erronkaren aurrean, giza eskubideak eta justizia soziala defendatzeko programa bat identifikatuko du Guatemalan eta Euskadin; Calala Emakumeen Funtsak gorroto diskurtsoen aurka jarduteko Amerika Erdiko eta Euskadiko mugimendu feministak saretu nahi ditu; Bizilurrek Europako eta Latinoamerikako gizarte sektoreen aliantzak bultzatu nahi ditu nekazarien eskubideen alde, eta Mundubatek bakearen eraikuntzan emakumeen papera sustatuko Malin, SEADen, Senegalen, Mauritanian eta Euskadin.

Lankidetzarako tresna berria

Joan den urtarrilaren 12an argitaratu zen programen dekretu berria, diruz lagun daitezkeen bi fase zehazten dituena: identifikazio-fasea eta exekuzio fasea.  eLankidetza dirulaguntzak emango dizkie horietako bakoitzari, egungo bezalako deialdien biez. Exekuzio-faseko laguntzak eskuratzeko, beharrezkoa izango da aurkeztutako proposamenak aldez aurretik dirulaguntza jaso izana identifikazio fasean. Horregatik, hain zuzen, aurtengo deialdia identifikaziorako bakarrik izango da.

Era berean, lehen fasean diruz lagundutako programek, bigarren fasera aurkezten badira, dirulaguntza jasotzeko hautaketa prozesua ere gainditu beharko dute.

Horren harira, deialdiak lau aldaketa proposatzen ditu: tokiko-global ikuspegia programen ezaugarri nagusitzat jotzea; programetan parte hartzen duten eragile ezberdin artean lan-eredu berritzailea ezartzea, Ipar zein Hegoko erakundeen arteko elkarlan-ikuspegiarekin lerrokatuta; programetan bi finantzaketa-fase bereiztea, identifikazio-fasea eta gauzatze-fasea, eta dirulaguntzen onuradun izateko betebeharrak arrazionalizatu eta egokitzea.

Dekretu berriak ordezkatu du 2007tik indarrean dagoen Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako programetakoa.