Joan edukira Saltar a contenido

eLankidetzak ekintza humanitarioan eta garapenerako lankidetzan hiru ekimen babestuko ditu zuzenean Afrikan

Argitalpen-data: 

  • Ekimenak lotuta daude hondakinen kudeaketarekin Senegalen, Afrikako Hegoaldeko eta Ekialdeko gizarte mugimenduetako ikuspegi feministarekin eta krisi humanitarioen ikerketarekin Etiopian

 

Vitoria-Gasteiz, 2024/12/17


Gobernu Kontseiluak 827.221 euroko hiru dirulaguntza onartu ditu Afrikako hainbat herrialdetan.  eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak honako elkarteei lagunduko die: Egoaziairi, Mekellen, Etiopiako Tigray eskualdean, Ikasketa Humanitarioen Zentro bat garatzeko; Just Associates (JASS) Afrikako Hegoaldeko eta Ekialdeko 30 erakundetako giza eskubideen defendatzaile eta LBTQ aktibistak laguntzeko, eta Nazioarteko Elkartasuna eta Euleuk elkarteei Senegaleko Malicounda komunaren ingurumen-egoeraren  diagnostiko bat egiteko.

Ingurumen esperientzia pilotua

Ihobe eta eLankidetzaren arteko Jarduera Protokolo Orokorra inplementatzeko interesari erantzuteko, eLankidetzak 307.221 euroko dirulaguntza emango die Nazioarteko Elkartasuna euskal erakundeari eta Euleuk Senegaleko elkarteari.

Dirulaguntzaren helburu nagusia da Malicounda Komunaren ingurumen-egoeraren diagnostiko bat egitea. Horrela, ingurumen osasuntsurako eskubidea defendatzeko estrategia integral bat ezarriko dute eta eragileen gaitasunak indartuko dituzte. Horretarako, hondakinen kudeaketaren diagnostikoa egingo dute, estrategia bat sortu eta eragileak sendotuko dituzte. Gainera, sentsibilizaziorako estrategia ere egingo dute.

Ikasketa Humanitarioen Zentroa Tigrayn

eLankidetzak 270.000 euroko dirulaguntza emango dio Egoaizia elkarteari Mekellen, Etiopiako Tigray eskualdean, Ikasketa humanitarioen Zentro bat garatzeko. Eskualde horretan, hain zuzen, gerra ziklikoek eta hondamendi naturalek gero eta krisi humanitario handiagoa eragiten dute.

Tigrayn gerra hasi zenetik, tokiko GGKEak hasi ziren erantzun humanitarioa ematen egoera jasanezina zenean, baina ez zuten inongo esperientziarik sektorean. Hori dela eta, Zentroak Ekintza Humanitarioaren kalitatea hobetu nahi du, eta ekintza humanitarioaren kudeaketa eraginkorra eta integrala ekarriko duten profesionalak prestatu.

Egoaiziak ekimena ezarriko du 4yBIN tokiko elkartearekin batera, eta Mekelleko unibertsitatea lagunduta. 2020ko azaroan Etiopiako iparrean gerra piztu zenetik, euskal elkarteak lan-eremu berri batean hasi zen; krisi humanitarioetakoa, alegia. Harrezkero, Egoaiziak ekintza humanitarioko esku-hartzean gauzatu ditu zaurgarrienei arreta emanez.

Feminismoa Hegoaldeko eta Ekialdeko gizarte mugimenduetan

eLankidetzak 250.000 euro zuzenduko dizkio JASS nazioarteko erakundeari, gizarte-mugimenduak indartzeko, Afrikako hegoaldean eta ekialdean emakumeen eta LBTQ pertsonen errealitateetan aldaketak sor ditzaten. Ekimena ekintza kolektiborako baliabideak ematean eta mugimendu panafrikarrak formazio, topaketa edo eraginen bidez interkonektatzean datza.

JASS 2003an sortu zen, eta 20 herrialdetako emakume ekintzaile, akademiko eta hezitzaileak biltzen ditu, emakumeen gaitasunak indartzeko eta ekintzaileei, erakundeei eta sareei testuinguruetan aldaketak sortzen laguntzeko.