Bi jardunaldik saharar eta palestinar herriekin euskal lankidetzaren elkartasuna jorratzen dute
- European Days of Local Solidarity egistamoak mundu osoko tokiko eta eskualdeetako gobernuen arteko nazioarteko lankidetza sustatu nahi du Europa osoan
- Euskadin, ekimena eLankidetzak, Euskal Fondoak eta Bilboko eta Getxoko Udalek bultzatzen dute
Gaur goizean, European Days of Local Solidarity egitasmoaren baitan bi jardunaldietako lehena egin da Getxon, "Saharar herriaren eskubideak, lankidetza eta elkartasun ikuspegi berriak aztertuz" izenburupean. Bertan, garapenerako lankidetzaren eta saharar herriaren euskal instituzio eta erakundeetako ordezkariek ikuspegi berriak aztertu dituzte, sahararren bakea, justizia eta etorkizun askea lortzeko. Ekimena sustatzen du Platformak, udalerri eta eskualde kooperanteen koalizio paneuroparrak. Bertan, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia eta Euskal Fondoa partaide dira.
Mendebaldeko Sahara deskolonizatzeko prozesua funtsezko elementua da euskal lankidetza publikoaren sorreran, eta euskal herriaren eta sahararraren arteko lotura politiko eta solidarioa dakar berekin. Euskadiko erakunde-maila guztien konpromisoak eta elkarte-mugimendu zabalak euskal lankidetza-politiken ezaugarri bereizgarri izaten jarraitzen dute.
Hala, euskal erakundeek babestutako ekimenak erakutsi dira jardunaldietan. Saharako Koordinazio Unitatearen lana azaldu du Euskal Fondoako Itsaso Anduezak, Sahararekiko lankidetzaren eta elkartasunaren arloan euskal udalerrien lankidetza mantentzeko. Era berean, UPV/EHUko Hegoa Institutuko Maite Fernandez-Villak egia, justizia eta erreparazioa lortzeko egin duten dokumentazio-lana erakutsi du, eta Oubi Buchraya Fronte Polisarioaren Genevako ordezkariak Europar Batasuneko Auzitegi Orokorrak Mendebaldeko Saharari buruz eman dituen azken epaiei buruz hitz egin du.
Mendebaldeko Sahararekiko Elkartasunaren aldeko Gazteriaren Nazioarteko III. Foroaren ondorioez hitz egin du.
Herri palestinarra
Bigarren jardunaldia, "Gazako ahotsak: nazioarteko elkartasuna basakeriaren aurrean", azaroaren 22an izango da Bidebarrietako Liburutegiko Auditorioan, Bilbon, 19:00etan. Bruselan errefuxiatuta dagoen Tamam Abusalama kazetari eta blogari gazatarraren eta Olga Rodríguez kazetari espainiarraren arteko elkarrizketa izango da. Azken horrek gatazketan, errefuxiatuen desplazamenduetan eta UNRWArekin lan egiten eskarmendua du.
Gazako egungo egoera ikuspegi humanitario batetik kontestualizatzeaz gain, kazetariek giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa larriak aztertuko dituzte. Azkenik, nazioarteko komunitateak gatazkan maila guztietan – tokikoa barne – duen eginkizunari buruz hitz egingo da eta nazioarteko elkartasunaren garrantzia azpimarratuko da, eragile guztien aldetik, gizarte zibila eta tokiko gobernuak barne.
Euskal erakunde publikoek eta GKEek harreman estuak dituzte palestinarrekin, gizarte zibileko erakundeei eta Nazio Batuetako agentziei bideratutako babesaren bidez. Laguntza hori areagotu egin da azken hilabeteetan, Gazan jada bizi zen krisi humanitarioak okerrera egin baitu. Laguntza, batez ere, bideratu da pramiazkoak diren arloei, hala nola ura eta saneamendua, elikadura-segurtasuna, giza eskubideen babesa, laguntza psikosoziala eta osasun-arreta.
European Days of Local Solidarity kanpainaren ardatz nagusia 2030 Agenda eta haren inplementazio lokala dira, eta Platformak bultzatzen du. Era berean, (H)ABIAN 2030 Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren Euskal Estrategiaren esparruan kokatzen da. (H)ABIAN 2030 ekimenak euskal erakunde publikoak, GGKEak, ikastetxeak eta sindikatuak biltzen ditu, gizartea eraldatzeko hezkuntzarekin koherenteak diren ekintzak sustatzeko. Helburua giza eskubideetan eta berdintasunean oinarritutako gizarte baten eraikuntza bultzatzea da.