Joan edukira Saltar a contenido

Eguzki-ingenieritzan emakumeak trebatzen dituen GGKE batek Euskadi bisitatu du eLankidetzaren eskutik

Argitalpen-data: 

  • Barefoot Collegue International Hegoaldeko 98 herrialdetan egiten du lan, energia berriztagarrien bidez emakumeak ahalduntzeko
  • eLankidetzak GGKEaren proiektuak babesten ditu Afrikako Ekialdean

 

                                 Vitoria-Gasteiz, 2023/01/20

Barefoot Collegue International erakundearen ordezkaritza bat Euskadi bisitatzen ari da egunotan, teknologia fotovoltaikoak sustatzen dituzten euskal erakundeekin esperientziak ezagutu eta trukatzeko, eta euskal erakundeen artean emakumeekin egiten duten lana ezagutarazteko. eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikak sailean dagoena, GGKE babesten du Afrika Ekialdeko proiektuetan ( Tanzania eta Zanzibar), emakumeak eguzki-energia instalazio, horniketa eta mantentze-lanean formazioa jasotzeko, eta, era horretara, elektrizitaterik ez duten landa eremuko komunitateetarako energia eramateko. 

Barefoot Colleage International erakundearen filosofia da teknologia sinplifikatzea eta elektrizitaterik ez duten lana eremuko pertsonen eskura jartzea. Modu horretara, adin ertaineko emakumeak, horietatik asko prestakuntza arautua ezin izan duten amonak, eguzki-energian trebatzen dira eta beren komunitateetako erreferente bihurtzen dira. “Solar mamas” ezizenarekin ezagunak, koloreen, diagramen eta bideoen bidez eguzki-panelak instalatzen ikasten dute, gehienek ez baitakite irakurtzen eta idazten. Sei hilabeteko prestakuntza jaso ondoren, komunitateetara itzuli eta etxeak elektrifikatzen dituzte. 

eLankidetzaren laguntzari esker, Zanzibarko 24 emakume bihurtu dira “Solar mamas”, eta horietako bakoitzak 50 etxe elektrifikatu ahal izan ditu.  Prestakuntza horretaz gain, emakume horien segurtasuna, konfiantza eta gizarte-ekintzailetza lantzen dira, emakume horiek beren komunitateetako erreferente bihurtzeko.   

Euskadiko eragileekin trukea

Bisita eLankidetza eta nazioarteko GGKEaren arteko kolaborazioan oinarritzen da. Lankidetza horrek Euskadin funtsezkoak diren eragileekin trukea aurreikusten du, bai garapenerako lankidetzaren arloan eta baita energia berriztagarrien prestakuntzan eta herritarren kooperatibetan ere. Zentzu horretan, ordezkaritzak bilera izan du Goiener Kooperatibarekin eta Usurbilgo Lanbide Heziketako Zentroa bisitatu du. Zentro horrek energia eraginkortasunaren eta berriztagarrien inguruko goi mailako zikloak eskaintzen ditu.

 

Era berean, Eki Fundazioaren lana ezagutu ahal izan dute. Fundazio horrek eguzki-energia fotovoltaikoko iturriak hornitzen ditu Afrikako hainbat herrialdetako  hezkuntza, osasun edo gizarte zentro. Gainera, ordezkaritzak bilera bat egin du Lehendakaritzan Ekiola kooperatibaren energia-komunitateen proiektua ezagutzeko, Energiaren Euskal Erakundearen eta Mondragon korporazioaren arteko lankidetza publiko-pribatuaren ondorioz sortua. Ekimen hori Eusko Jaurlaritzaren 2030 Agendaren Lehentasunen Euskal Programaren barruan dago, eta Euskadik garapen iraunkorreko helburuak lortzeko ekarpenak egitea sustatzen du.

Garapenaren aldeko apustuan funtsezko elementuak dira teknologia egokiak eskuratzea, eguzki-energia bezalako alternatibak, eta emakumeek Afrikako testuinguruan bokaziozko prestakuntza eta enplegua sortzea. Ildo horretan, eLankidetzak Barefoot Gollege International bezalako ekimenei laguntzearen aldeko apustua egiten du. Ekimen horietan, gainera, Hegoaldeko erakundeen eta Euskadiko erakundeen arteko ezagutza trukeak egiten dira.