Joan edukira Saltar a contenido

eLankidetzak gerra-ekintzen eta gosearen arteko lotura erakutsi nahi duen metodologia babesten du

Argitalpen-data: 

  • Metodologia diseinatu dute Gosearen aurkako Ekintzak eta UPV/EHU-ko Hegoa Institutuak, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin

 

  • Gaur arratsaldean, hainbat GGKE-k Ukraina, Sahel edo Kolonbia bezalako gatazketan goseak duen erlazioaz hitz egingo dute

 

Vitoria-Gasteiz, 2022/11/23

Ukrainako krisiak agerian utzi du beharrezkoa dela elikagaien segurtasun globala babestea gatazken ondorioen aurrean. Horregatik, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren baitan dagoena, 2018tik geroztik babesten ditu Gosearen aurkako Ekintza eta Euskal Herriko Unibertsitateko Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutua, gatazketan elikadura-segurtasunik ezaren erabilera hautemateko metodologia bat sortzeko eta praktikan jartzeko.

 

Munduan gatazken eta indarkeriazko ekintzen ugaritzeak eta enkistatzeak lotura zuzena du elikadura-segurtasun eza areagotzearekin, eta, beraz, gosearen zifrekin. Food Security Information Network (FAO eta MEParen ekimena) delakoaren elikadura-krisiei buruzko txostenaren arabera, 2022an, mundu osoko 205,1 milioi pertsona gosetea pairatzen daude, eta, horietatik, 139 milioik gatazken edo segurtasun-ezaren ondorioz pairatzen dute gosea. Horietatik gatazka askok denbora luzea daramate piztuta; adibidez, Afganistan, Somalia, Hegoaldeko Sudan edo Yemen, besteak beste.

 

2018ko maiatzaren 24an, Nazio Batuetako Segurtasun Kontseiluak aho batez onartu zuen 2417 ebazpena, gosea gerrako arma gisa erabiltzea  gaitzesten duena. Ebazpenak ezartzen du Nazio Batuetako idazkari nagusiaren txostenetan edo zibilen babeserako lan taldeetan nahitaez gai horretan emandako pausoen berri ematea. Hala ere, txosten horiek ia ez dute uzten gosearen eta gatazkaren arteko harremana ezartzea, eta oso orokorrak eta azalekoak izaten dira.

 

Metodologia Bilbon aurkeztu zen iaz, eta praktikan jarri da lekuan bertan gauzatutako esperientzia pilotu baten bidez. Datuen bilketa eta analisia sustatzeko pentsatuta dago, eta balio du gatazketan elikagaien segurtasunaren inguruko babesa indartzeko zein azken horien krisiari eman beharreko erantzuna aurreratzeko.

 

Paul Ortega, eLankidetzako zuzendariaren arabera, proiektu hori Eusko Jaurlaritzako apustu bat da, “gatazketan eta beste indarkeria-egoera batzuetan gure espezializazioaren bidez nazioarteko sistema humanitarioari laguntzeko, eta erakunde humanitarioek kaltetutako komunitateak hobeto babes ditzaten”. Zentzu horretan, Ortegak nabarmendu du “alerta goiztiarreko mekanismoak izatea erronka bat da eLankidetzak lagundu nahi dion sektore humanitarioantzat, gosete kasuak detektatzeko eta horren eragile diren arduradunekin erlazionatzeko”.

Gosea eta gatazkak

Gaur goizean, eLankidetzak eta Gosearen aurkako Ekintzak antolatutako saio batean hainbat euskal erakunde humanitario bildu dira, haiekin eta Hegoaldeko erakundeekin lankidetzan aritzeko bideak aztertzeko. Erakunde horiek lurraldetako errealitatea eta indarkeria- eta gose- dinamiken gaitza ezagutzen dute. Horretarako, praktikan jartzeko esperientzia pilotua eta metodologia bera partekatu dituzte. 

 

Gainera, Gosearen aurkako Ekintzak mahai-inguru bat antolatu du gaur arratsalderako. Bertan, GGKEen kideek aipatutako lotura hori aztertuko dute egungo hainbat krisi jorratuz, Ukrainatik hasi eta Sahelera. “Gosea eta gatazka: Ukrainatik mundu osoko elikagai krisira” 19:00etan Bilboko Arrupe Etxean  izango da.