Garapenerako lankidetzaren Euskal agentziaren web gunerako sarbidea irudia

Euskadi.eus

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Berriak
 

Bideoteka Irekia

 

 

Twitter

Facebook

Autonomia Erkidegoen eta Garapenerako Lankidetzarako Topaketa amaitu da, eskualdeek krisi globalari erantzuteko betetzen duten zeregina nabarmenduz

Argitalpen-data: 

Cáceresen amaitu da Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Extremadurako Agentziak antolatutako topaketa garrantzitsu honen XIV. edizioa; autonomia-erkidegoek garapenerako lankidetzaren alorrean aurrera daramatzaten politika publikoak eztabaidatzen dira bertan

Extremadurako Juntaren ustez, XIV. topaketa hau "arrakastatsua" izan da, "garapen-agentzia guztien arteko harremanak aldaraziko dituzten akordioak" lortu direlako, esaterako, horien guztien artean elkarrizketa arin eta etengabe bati eustea ahalbidetuko duten mekanismo zehatzak.

Topagune horretan, autonomia-erkidegoetako ordezkariak elkartzen dira, urtero, baita estatuan, Europan eta nazioartean garapenerako lankidetzaren eremuan diharduten beste hainbat eragile ere, garapenerako lankidetza deszentralizatuaren egoera aztertzeko eta haren etorkizuneko erronkak identifikatzeko helburuarekin.

“Bilera honetan, autonomia erkidego bakoitzaren berezitasunetatik abiatuta, koordinazioaren eta artikulazioaren aldeko konpromisoa berretsi dugu”, Paul Ortega Etcheverryren esanetan, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendaria.

“Gure ustez, eskualdeen garapenerako lankidetza deszentralizatua lankidetza modu heldu bat bihurtu da, zorroztasunez jardunez Estatuari berezitasuna eskaintzen diona, ekonomiari, kalitateari eta aniztasunari dagokienez”, adierazi du José Ángel Calle Suárez AEXCIDeko presidenteak. “Gainera, Extremaduran egin berri den topaketa honetan, gure eskualdeetako garapenerako lankidetzaren jardun-gaitasuna sendotuta atera da”.

Zehazki, jardunbide egokien lehen mapaketa bat egitea adostu da, etorkizunean zer proiektu partekatuko diren, eskualde bakoitza zertan espezializatuko den eta elkarlanean zeintzuk diseinatu ahalko diren ondorioztatzeko baliagarri. Koordinazio hori denboran iraunarazteko helburuarekin ere, barne-buletin bat egingo da, bakoitzak garapenerako lankidetzaren alorrean egiten duen lanaren gaineko informazioa partekatzeko.

Bestetik erabaki da, hurrengo topaketa 2022ko urrian Kantabrian egiteaz gainera, autonomia-erkidegoek, lehen aldiz, bitarteko topaketa bat egitea, tematikoa kasu honetan. Lehena Kanarietan egingo da, 2022ko martxoan, gutxi gorabehera, eta ‘lankidetza eta migrazioen’ gaineko gaia jorratuko da.

Topaketan, giza eskubideen defendatzaileak aldi baterako hartzeko programen Sarearen lana aitortu da. Sare hori zazpi programek osatzen dute, eta autonomia-erkidegoetako eta udaletako gobernuetako erakundeek eta gizarte zibileko erakundeek bat egiten dute. Sare horren helburua da hainbat arrisku-egoeratan dauden pertsonak, kolektiboak eta giza eskubideen defendatzaileak babestearen aldeko lana koordinatzea, sinergiak sortzea eta indartzea. Sarearen ordezkari gisa, Kolonbiako giza eskubideen defendatzailea María Jackeline Rojas eta Asturiasko babes programako Javier Orozco izan dira Cáceresen.

Baterako adierazpen batekin amaitu da topaketa, honako konpromiso hauek jasota: garapenerako lankidetza deszentralizatuko aktore guztiek, elkarlanean eta etengabe, erakundearteko koordinazioan aurrera egitea; lankidetzaren kalitatea hobetzea, erakundeen kultura politiko eta administratiboan aldaketa txertatuz; herritarrak gizarte bidezkoagoak lortzeko ekimenean inplikatzea; aurrekontu-konpromisoan aurrera egitea; eta COVID-19aren aurkako txertaketa-prozesuari laguntzea, nazioarteko funtsei ekarpenak eginez. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak 500.000 jarri ditu, beste erakunde batzuekin batera COVAX mekanismoa zuzentzen duen Txertaketaren aldeko Munduko Aliantzarentzat. COVAX mundu-mailako plataforma bat da, txertoak eskuratzeko aukera-berdintasuna bermatu nahi duena. Guztira, autonomia erkideko guztiek 2,64 milioi euro bideratuko dituzte Osasunaren Mundu Erakundeak bultzatutako txertaketa-konpromisoari laguntzeko.

Euskadi, auzolana