Gobernu Kontseiluak 410.00 euroko hiru dirulaguntza onartu ditu Afrikako hainbat herrialdetan. Zehazki, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak babestuko ditu Boli Kostako LGTBIQ+ Gromo elkartea, Afrikki aktibisten sarea eta Senegalgo Siggil Jigéen sare feminista.
Boli Kostako LGTBIQ+ kolektiboa
eLankidetzak Afrikako kontinentean sexu eta genero aniztasunaren inguruko ekimenak babesteko duen interesari erantzunez, 10.000 euroko dirulaguntza bideratuko du Gromo erakundera.
Bolikostar erakundeak LGTBIQ+ kolektiboaren emantzipazio ekonomikoaren, onarpen sozialaren eta giza eskubideen alde lan egiten du. Gauzak horrela, eLankidetzak "JEPEDI: LGBTIQ+ gazteria demokrazia inklusiboarekin konprometituta" proiektua babestuko du.
Afrikako aktibistak
eLankidetzak 250.000 euroko dirulaguntza emango dio Afrikki aktibisten sareari. Erakundea Afrikako eta diasporako hogeita hamar mugimendu eta aktibista baino gehiagok osatzen dute. Helburua da kontinenteko eta diasporako gizarte mugimenduen pentsamendua eta ekintzak bateratzea, agenda panafrikanista baten inguruan.
Laguntza horren bidez, eLankidetzak sareko kideak sendotzen lagunduko du, bai eta beren aktibismoagatik arriskuan dauden mugimenduak eta pertsonak indartzen ere. Jardueren artean daude 2026an trukerako programa bat antolatzea edo defendatzaileentzako erantzun azkarreko programa babestea.
Feminismoa Senegalen
eLankidetzak 150.000 euro zuzenduko dizkio Réseau Siggil Jigéen GKEari. Emakumearen ahalduntzearen esparruan lan egiten duten 18 erakundek osatzen duten Senegalgo sarea da, eta 35.000 emakumeetara iristeko ahalmena du. Sareak hainbat sektoreetan dihardu, hala nola alfabetatzea eta prestakuntza, osasuna eta ugalketa eskubideak, giza eskubideak, emakumeen eskubideak, gazteen lidergoa, mikrofinantzak, pobreziaren aurkako borroka edo genero ekitatea.
Laguntzaren helburua da Senegalen “genero” eta “feminismo” kontzeptuek desmitifikatzean eta onartzen laguntzea, Afrikako herrialde horretan bi kontzeptu horien esanahia okertzen baitago. Hala, diskurtso berriak bultzatzen dituzten emakume gazteen klubak sustatuko dituzte, eta gaiak komunitateetan landuko dituzte.

