Joan edukira Saltar a contenido

GIZA ESKUBIDEEN DEFENTSARAKO ERRONKAK ETA GARAPEN JASANGARRIRAKO HELBURUEN EKARPENA AZTERGAI, ELANKIDETZAK SUSTATUTAKO UDAKO IKASTAROETAN

Argitalpen-data: 

GIZA ESKUBIDEEN DEFENTSARAKO ERRONKAK ETA GARAPEN JASANGARRIRAKO HELBURUEN EKARPENA AZTERGAI, ELANKIDETZAK SUSTATUTAKO UDAKO IKASTAROETAN
  • Trantsizio soziala, ekonomikoa, kulturala eta ekologikoa giza eskubideen eta iraunkortasunaren ikuspegitik, eta desinformazioa, gosea eta gatazka armatuak izango dira hizpide UIKren uda ikastaroetan
  • Jardunaldiak ekainaren 1ean, 2an eta 25ean egingo dira, aurrez aurre eta online formatuetan

Vitoria-Gasteiz, 2026/05/28

Egungo krisi globalen testuinguruan —gatazka armatuak, desberdintasun sozialak, klima-larrialdia eta giza eskubideen aurkako erasoak areagotzen ari diren honetan—, eLankidetza Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak bi uda ikastaro sustatu ditu EHUren UIK Uda Ikastaroen baitan, giza eskubideen defentsari, nazioarteko elkartasunari eta herritarren paperari buruzko hausnarketa kolektiboa sustatzeko.

Lehen jardunaldia, ‘Giza Eskubideen defentsarako erronkak eta estrategiak kriminalizazio eta errepresio garaian’, ekainaren 1ean eta 2an egingo da Bilboko Bizkaia Aretoan, KCD ONGDrekin elkarlanean. Nazioarteko topaketak egungo erregresio demokratikoaren eta giza eskubideen urraketen testuingurua aztertuko du, arreta berezia jarriz giza eskubideen defendatzaileen egoeran. Palestina, Mendebaldeko Sahara eta El Salvador bezalako kasuak izango dituzte hizpide, defendatzaileek jasaten dituzten kriminalizazio-, jazarpen- eta indarkeria-mekanismoak aztertuz.

Era berean, nazioarteko zuzenbidearen ahultzea, desinformazioa eta gorroto-diskurtsoak izango dira aztergai, baita komunikazioak eraldaketa sozialerako tresna gisa duen garrantzia ere. Jardunaldiak genero-ikuspegia txertatuko du modu transbertsalean, emakume defendatzaileek eta kolektibo zaurgarriek pairatzen dituzten indarkeria espezifikoak ikusgarri eginez. Hitzaldiak, mahai-inguruak eta parte hartzeko espazioak uztartuko dira, babes integraleko estrategiak eta elkartasun-sareak indartzeko proposamenak lantzeko.

 

Gosea arma gisa

Bestalde, ‘Derechos y ciudadanía ante un mundo en crisis’ izeneko uda ikastaroa ekainaren 25ean egingo da, Acción contra el Hambre erakundearekin elkarlanean. Jardunaldiak gaur egungo krisi humanitario nagusien inguruko hausnarketa proposatuko du, gatazka armatuen, gosearen eta klima-aldaketaren arteko loturak aztertuz. Ikastaroak nazioarteko lankidetzaren, kazetaritzaren eta herritarren mobilizazioaren eginkizuna azpimarratuko du, giza eskubideen eta justizia globalaren aldeko erantzunak eraikitzeko ezinbesteko tresna gisa.

Arratsaldeko saioetan, ‘Desarrollo humano sostenible desde los territorios’ hitzaldia eskainiko du Javier Cortés eLankidetzako zuzendariak. Bertan, Garapen Jasangarrirako Helburuak giza eskubideen eta jasangarritasunaren ikuspegitik trantsizio sozial, ekonomiko, kultural eta ekologikorako bide-orri gisa interpretatzeko beharra azpimarratuko da. Halaber, politika publikoek, eragile anitzeko aliantzek eta herritarren parte-hartze aktiboak gizarte bidezkoagoak eta kohesionatuagoak eraikitzeko duten garrantzia nabarmenduko da.

Ondoren, ‘Reimaginar el contrato social: propuestas prácticas para un futuro centrado en los Derechos Humanos’ izeneko mahai-ingurua egingo da. Espazio horretan, eskubideak eta bakea bermatuko dituen kontratu sozial berri baten inguruan hausnartuko dute hainbat arlotako adituek, elikadura eskubidea ardatz hartuta. Mahai-inguruan parte hartuko dute Karina Garantivá aktore, idazle eta kultur kudeatzaileak; Leila Nachawati Rego idazle eta Universidad Carlos III-ko irakasleak; Gorka Espiau Idoyaga Agirre Lehendakaria Centerreko zuzendariak; eta Manuel Sánchez-Montero Acción contra el Hambre erakundeko zuzendariak. Saioa Javier Cortések moderatuko du.

Bi ikastaroak gizarte-erakundeei, komunikazioaren arloko profesionalei, ikertzaileei, ikasleei eta herritar interesdunei zuzenduta daude.

Informazio gehiago eta izen-emateak: