Joan edukira Saltar a contenido

Jardunaldi batzuek Afrikako giza eskubideen defendatzaileen egoera jorratuko dituzte

Argitalpen-data: 

  • eLankidetzak antolatutako jardunaldiek sustatu nahi dute Afrikako aktibisten bizi dituzten arriskuak eta egoerak ikusarazi
  • Jardunaldietan aurre egin behar dieten erronkak jorratuko dira, hala nola askatasunen murrizketa, balio ultrakontserbadoreak, gatazketan pairatzen diren indarkeriak edo baliabide naturalen ustiapena

 

Defendatzaileak Babestuz. Afrikako esperientziak izenburupean, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak antolatutako giza eskubideen defendatzaile afrikarren esperientziak partekatzeko jardunaldiak inauguratu dira, gaur goizean, Gasteizko Europa Jauregian. Topaketan parte hartuko dute, hala nola Kongoko Errepublika Demokratikoko, Ugandako, Senegaleko, Kenyako, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko edo Boli Kostako giza eskubideen defendatzaileek.

Jardunaldien bidez, eLankidetzak Afrikako defendatzaileei espazio bat eskaini nahi die esperientziak eta borrokak partekatu ditzaten, dituzten erronka nagusiak ikusarazteko eta irtenbide zehatzak emateko, haien babesa indartzeko eta aldaketarako eragile gisa duten zilegitasuna aitortzeko. Gainera, Euskadiko eta Afrikako lankidetza eta elkartasun eragileen arteko lotura ere sendotu nahi du.

Afrikako defendatzaileen ahotsak

Jardunaldiak Javier Cortés eLankidetzako zuzendariaren hitzaldiarekin hasi dira. Cortesek gogorarazi duenez, "komunitateen, erakundeen eta mugimendu sozialen erasoen eta babesgabetasunaren egoerak lotura zuzena du giza eskubideak gero eta gehiago zalantzan jartzen dituen muturreko diskurtsoarekin". Egoera horren aurrean, azken urteotan Eusko Jaurlaritzak indartu egin du babesaren arloan egiten duen lana, Euskadiko eta Hegoko gizarte-erakundeei lagunduz, batez ere Latinoamerikako herrialdeetan. Zentzu horretan, Cortesek nabarmendu duenez, "eLankidetzatik Hegoko giza eskubideen defendatzaileen egoera ulertzen lagundu nahi dugu, zehazki, Afrikako defendatzaileena".

 

Inaugurazio-hitzaldia Nazioarteko Zigor Auzitegiko magistratuaren, Reine Alapini-Gansouren, eskutik izan da, eta  giza eskubideen defendatzaileek Afrikan bizi duten testuinguruaren ikuspegi orokorra eman du.


Jarraian, mahai inguru bat egongo da, eta, bertan, William Amazuru Ugandako ingurumenaren eskubideen defendatzaileak, Caddy Adzuba Kongoko Errepublika Demokratikoko kazetari eta abokatuak eta Aminatou Haidar Mendebaldeko Saharako giza eskubideen defendatzaileak parte hartuko dute. Mahai-inguruak defendatzaileen autopertzepzioari, legezko izaerari eta zilegitasun sozialari heldu dio. 

Arratsaldean, Daphne Jena Zimbabweko ekintzaile feministak eta Trifonia Melibea Obono idazle eta LGTBIQ+ ekuatoreginear aktibistak emakumeek eta sexu eta genero aniztasunean diharduten defendatzaileek dituzten erronkei buruz hitz egingo dute.

Hurrengo egunean, maiatzak 7, Reine Alapini-Gansouk, Phanice Odhacha Protection International-Afrikako zuzendariak eta Marthe Coulibaly Boli Kostako Giza Eskubideen Defendatizaleen Koalizioko koordinatzaileak babeserako mekanismo ofizialak zeintzuk diren azalduko dituzte.

Bukatzeko, Daphne Jenak, Mélanie Sonhaye-Kombate Mendebaldeko Afrikako Giza Eskubideen Defendatzaileen Sareko zuzendariak eta Seydi Gassama, Senegalgo Giza Eskubideen Defendatzaileen Koalizioko koordinatzaileak babeserako mekanismoak jorratuko dituzte, baina gizarte zibilaren ikuspuntutik.

Defendatzaileei babesa

Afrikako defendatzaileek gero eta ingurune desafiatzaileagoa dute giza eskubideak sustatzeko eta babesteko. Beraien lana justizia, berdintasuna, bakea eta ingurumen-jasangarritasuna lortzeko funtsezkoa den arren, mehatxuak eta jazarpenak pairatzen dituzte, eta haien bizitza arriskuan jartzen dute.

Egoera horren aurrean, eLankidetzarako ezinbestekoa da Euskadiko erakundeek, unibertsitateek, diaspora afrikarrak eta GGKEek sakontzea babeserako estrategia eta mekanismoetan, kontinentean bizi diren askotariko errealitateei erantzuteko. Era berean, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak hausnartu nahi du euskal gizartetik nola lagundu daitekeen aktibista horien babes integralerako.

eLankidetzako ardatz nagusienetariko bat da giza eskubideen defendatzaileen babesa. Horretarako, 2018tik, funtsen % 4a esparru horretan kokaturiko ekimenei zuzentzen dira. Gainera, dirulaguntzen % 25 Afrikan gauzatzen dira.

Zentzu horretan, eLankidetzak babesten duen lana, batez ere, Latinoamerikan eta Karibean gauzatzen da. Gai horretan ekimenak bultzatzen dituen arren, Afrikako kontinentean giza eskubideen defendatzaileak babesteari buruz duen ezagutza mugatua da. Horregatik guztiagatik, honako jardunaldi hauek hausnarketarako eta esperientziak partekatzeko gunea izan nahi dute.