- eLankidetza eta Garapenerako Lankidetzako Kataluniako Agentziak baterako programa bat sortu nahi dute arlo horretan egindako lana sendotzeko
eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak eta Garapenerako Lankidetzako Kataluniako Agentziak (ACCD) Guatemalan bisita egin zuten ekainaren 16tik 21era herrialdean ematen ari diren justizia trantsizionalaren arloko prozesuetan babesa adierazteko. Egun hauetan, bi agentziak bildu dira gizarte eta giza eskubideen aldeko elkarteekin, gobernu-erakundeekin, nazioarteko erakundeekin eta 1960-1996 bitartean gatazka armatuan desagerrarazitako pertsonen senideekin eta horien elkarteekin.
Bi agentziak 2019an hasi ziren justizia trantsizionalaren arloan Guatemalan egiten zuten lana babesten. Ordutik, eLankidetza eta ACCDk egin dituzten koordinazio- eta osagarritasun-ahaleginei, orain, esparru estrategikoago bat eman nahi zaie.
Gauzak horrela, bisitaren helburua izan da baterako programa bat osatzeko topaketak eta elkarrizketak izatea. Horretarako, bisitan zehar bildu dira memoria eta bakearen arloan jarduten diren gizarte mugimenduekin, Nazio Batuen agentziekin, hala nola Giza Eskubideetarako Nazio Batuen Goi Mandatariaren Bulegoa (OACNUDH), NBE Emakumeak edo Garapenerako Nazio Batuen Programa (PNUD), eta Guatemalako Gobernua, Bakearen eta Giza Eskubideen aldeko Presidentetza Batzordearen (COPADEH) bitartez. Horrez gain, nazioarteko komunitatearekin batera, Polizia Nazionalaren Artxibo Historikoa bisitatu zuten.
Desagertze behartuen aurkako eguna
Ekainaren 21ean, Desagertze behartuen aurkako Egun Nazionala zela eta, ordezkaritzak Comalapako Memoriala bisitatu zuen, egun horretan 7 urte bete zituena. Garai bateko destakamendu militar batean egina, non gatazka armatuan giza eskubideen urraketa larriak egin ziren bertan, eta, orain, Memorial bihurtu dute.
Memoriala desagerrarazitako pertsonen emazteak eta senideek sustatu zuten, Guatemalako Alargunen Koordinakunde Nazionalaren (CONAVIGUAk) eta Guatemalako Antropologia Auzitegiko Fundazioaren (FAFGk) bitartez. Emakume zein senideen etengabeko borrokaren ondorioz, 2003an Ministerio Publikoak FAFGri eskatu zion gorpuak lurpetik ateratzeko. Guztira, 53 hobi aurkitu zituzten, 220 hezurdurekin.
FAFGk 1.996 auzitegiko ikerketa egin ditu, orain arte 3.959 biktima identifikatu dira, eta, horietatik, 598 desagertzearekin lotuta daude. Biktimen bilaketa- eta identifikazio-lanarekin batera, senideek ere parte hartzen dute testigantza eta lagin genetikoak ematen. Horren harira, Comalapara egindako bisitan, ordezkaritza biktima baten senide baten hartze genetikoan egon zen. Biktima horren hezurdura bertan aurkitu zuten.
Lankidentza agentzien arteko artikulazioa
1960 eta 1996 bitartean, Guatemala k barne gatazka armatu bat izan zuen. Horren ondorioz, giza eskubideen urraketa larriak egin ziren sistematikoki, eta, orokortuak izan ziren. Kalkuluen arabera, 200.000 pertsona baino gehiago erail eta desagerrarazi zituzten.
Trantsizioko justizia arloan herrialdearen ahaleginak laguntzeko, eLankidetzak eta ACCD-k modu koordinatuan lan egiten dute Guatemalan. Bi agentzien artikulatzeak lankidetza ekimenen osagarritasuna ahalbidetu du; bereziki, FAFG-rekin, PNUD-ekin. Lan koordinatu horri esker, hausnarketa bateratua izan da, Guatemalako testuinguruari buruzko analisi partekatua egin da eta laguntza estrategiak definitu dira.
Aliantza horren aurretik, agentzia bakoitzak Polizia Nazionalaren Artxibo Historiakoaren instituzionalizazio-prozesua babestu zuten. Artxibo horrek biltzen ditu giza eskubideen urraketak dokumentatzeko informazio baliotsua.
Lan horren ondorioa da Nataxik-Memoria dokumentala, Guatemalako iraganeko eta oraingo beste historia batzuk ezagutarazten dituena biktimen senideen ahotsen bidez.